Brontzezko domina irabazi du Eneritz Bustok Espainiako pista estaliko txapelketan

Iñigo Gonzalez Sarobe 2016ko mar. 21a, 17:23

LOKEko hainbat atletak hartu dute parte junior mailako Espainiako pista estaliko txapelketan. Eneritz Bustok hirugarren postua eta brontzezko domina lortu zituen asteburuan, 60 metro hesietan. Maider Rekondo seigarren izan zen pisu jaurtiketan, eta Ane Galardik ezin izan zuen 60 metroetako finalerdietara sailkatu. Aire libreko sasoia prestatzen hasiko dira orain.

"Oso ona izan da aurtengo pista estaliko denboraldia; Eneritzen dominak biribildu egin du sasoia". Oscar Goikoetxea LOKEko prestatzailearen hitzak dira. Junior mailako hiru atleta aritu dira asteburuan, Espainiako pista estaliko txapelketan, Sabadellen (Katalunia): Eneritz Busto, Maider Rekondo eta Ane Galardi. 60 metro hesietan, pisu jaurtiketan eta 60 metroetan lehiatu dira, hurrenez hurren.

Balentria handia egin du Eneritz Bustok: aurten aritu da lehenengoz junior mailan, eta Espainiako hirugarrena izan da pista estalian, 60 metro hesietan. Zortzigarren marka onena zeraman Sabadellera –8.88 segundokoa–. "Sekulako lehiaketa egin du Eneritzek, Espainiako hirugarren marka onena eskuratuz. Horrek agerian uzten du bertute bat, beste atleta askok ez daukatena: badakiela konpetitzen, eta une erabakigarrietan maila onena ematen", nabarmentzen du Goikoetxeak. Zirt edo zart egin behar izaten denean ondu zuen marka pertsonala atleta gazteak: finalean. 8.77 segundotan geratu zuen kronometroa. 

"Oso pozik nago egindako txapelketarekin. Nire helburua finalean sartzea zen, eta jada bertan egonda, ahalik eta gehien gozatzea", adierazi du Bustok. Bete zuen xedea, ongi bete ere: brontzezko domina ekarri du bueltan Lasarte-Oriara. Pasa den urtean irabazitakoen alboan egingo die tokia: Espainiako txapeldun izan zen pista estalian eta aire librean, 60 eta 100 metro hesietan, hurrenez hurren, jubenil mailan. "Maila handiko proba izan zen Sabadellekoa; Eneritz lehenengo urteko atleta dela kontuan hartuta, oso-oso emaitza ona eskuratu du", zehazten du Oscar Goikoetxeak. Bitxikeria gisara, datu bat: modalitate horretako podiumeko hiru mailetara atleta gipuzkoarrak igo dira; Nora Orduña, Maria Mujika –donostiarrak dira biak; urrea eta zilarra irabazi dituzte, hurrenez hurren– eta Eneritz Busto.

Maider Rekondo eta Ane Galardik ere ordezkatu zuten LOKE Sabadellen. Pisu jaurtiketan lehiatu zen lehenengoa: seigarren postua eskuratu zuen. Honela baloratzen du Rekondoren jarduna Goikoetxeak: "Laugarren marka onena zeraman Maiderrek Espainiakora, eta egiari zor, bageneukan domina eskuratzeko itxaropena, baina ez da posible izan. Konplikatua zen proba, marka pertsonala ondu behar zuen lehenengo hiruen artean geratzeko. Dena den, Espainiako seigarrena izateak meritu handia dauka". 

Ane Galardi 60 metroetan aritu zen. "Txapelketa txukuna egin du, sasoi osoan zehar burututako marken bueltan ibili da Sabadellen ere, baina ezin izan zuen finalerdietarako sailkatu. Oso-oso lehiatua da modalitate hori", dio Goikoetxeak.

Balantzea, "oso ona"

Honenbestez, LOKEko atletismo sailak amaitutzat eman du aurtengo pista estaliko denboraldia. Goikoetxearen hitzetan, "oso ona" da balantzea: "Gure helburu nagusiak bete ditugu, eta hainbat atleta joan dira konpetitzera Espainia mailako lehiaketetara, maila ona emanez gainera. Oso pozik gaude".

Sasoiaren zati nagusietako bat bukatzearekin batera dator bestea: aire librekoa. Hasi dira lanean jada hainbat atleta; Sabadellen aritu direnek gaur ekingo diete entrenamenduei. Eskolarteko mailakoak ere egurrean dabiltza Michelingo atletismo pistan: apirila-maiatza aldean konpetituko dute horiek. Federatuek, berriz, ekaina eta uztailean. Aste Santuko oporraldia dator orain, baina LOKEko kideetako askok entrenatzen segitzeko baliatuko dituzte: Euskadi zein Gipuzkoako selekzioen kontzentrazioetara joango dira, Espainiako hainbat hiritara –Saloura edo Benicassimera, esaterako–. 

Denboraldia fasez aldatu da, baina LOKEren mentalitatea ez, Oscar Goikoetxea prestatzailearen hitzek aditzera ematen dutenez: "Orain arte bezala lan egiten eta konpetitzen jarraituko dugu; ea zer nolako emaitzak lortzen ditugun".