Eneritz Busto: "Maite dut atletismoa; beti daukat korrika egiteko gogoa"

Iñigo Gonzalez Sarobe 2015ko uzt. 13a, 12:41
Eneritz Busto, 17 urte. Lasarteoriatarra. Atleta LOKEn. Kurrikulum bat egiten hasteko datuetako batzuk izan daitezke. Beherago joan ohi dira esperientzia eta, zergatik ez, kirol ibilbidean zehar irabazitako txapelketak eta sariak. Asko idatzi beharko luke Eneritzek 2014-2015 denboraldiaren azpiatalean: Espainiako txapeldun pista estalian, 60 metro hesietan, eta aire librean irabazle 100 metro hesietan. Herriko aurtengo kirolari onenaren saria Ostadar SKTren eskutik. Eta, etzitik aurrera, Kolonbiako jubenilen munduko txapelketako partaidea.

Pistatik kanpo ere hausten ditu markak Eneritz Bustok. Kazetariaren grabagailuak ordu bat, zortzi minutu eta bederatzi segundo markatzen ditu. Inoiz egin duen elkarrizketa luzeena izan da.

Luzea denboraz, ez sentsazioz. Segundo, minutu eta orduak azkar pasa diren arren, mamitsua izan da ordubete pasatxo hori. Hainbat gairen artean egin du jauzi atleta gazteak: Caliko mundiala, jubenilen aire libreko Espainiako txapelketa, LOKE, entrenamenduak, ibilbidea, zaletasunak, etorkizuna… Gaien artean bezala ibiltzen da saltoka hesi artean, eta ez gaizki: Calin (Kolonbia) ariko da etzi hasi eta hilaren 19ra bitartean, jubenilen munduko txapelketan.

Madrilgo hotel batean igaro zuen atzoko gaua, eta gaur goizeko zazpietan hartu du hegazkina Kolonbiarantz.

Bi egun bakarrik falta dira mundiala hasteko. Zer sentitzen duzu?

Oso pozik nago, jakina, baina urduri ere bai aldi berean. Ez dut guztiz asimilatu oraindik. Dimentsio handiko ekitaldia da, baina Calira iritsi arte ez diogu hartuko benetan duen neurria: ‘Ados, jubenilen munduko txapelketara etorri gara. Hemen gaude, maila goreneko hainbat atletarekin neurtuko ditugu indarrak’.

Munduko txapelketa batean aritzea ez da egunero bizi daitekeen esperientzia bat. Oso presente eduki al duzu asteotan?

Pentsatu izan dut horretan, baina argi daukat ezin naitekeela egon etengabe burua jaten. Aurreko asteetan mundiala nola joango den irudikatu nahian aritzeak ez du askorako balio, normalean ez delako izango zuk imajinatu edo espero bezala izango. Konpetitzeko unea iristean ikusiko dut nola nagoen, zer gorputzaldi daukadan. Burua asko jaten badut gutxiago eta okerrago deskantsatuko dut, besterik ez. Eta hori ez zait interesatzen.

Nire egunerokoa ez da asko aldatu, lagunekin egoten naiz, bideojokotan aritu, marraztu, entrenatu… Zenbait aspektu zaintzen ditugu, hori bai. Adibidez, asko gustatzen zait hondartzara joatea baina mundialaren atarian ez zait joatea komeni, nekea eta lesioak saiheste aldera. Gisa horretako arriskuak ez hartzen saiatzen gara, askotan egoera horietan hartzen baituzu min, ez entrenatzen.

Gero eta gutxiago falta da une hori iristeko.

100 metro hesietan ariko naiz eta etzi jokatuko dut lehenengo kanporaketa. 11:15 inguruan egingo dugu lasterka. Lasarte-Orian 18:15 inguru izango dira, Kolonbiarekin zazpi orduko aldea baitago.

Pascual Guerrero izeneko estadioan jokatuko ditugu probak. Moldatu egin dute gunea, eta oraindik zuzenean ikusi ez dudan arren, asko gustatu zait. Urdina da pista! Nire kolore gustukoenetako bat da urdina.

Zenbat pertsona joango zarete Kolonbiara? Hegazkin bakarrean sartzen al zarete?

Atleta, monitore, entrenatzaile, fisioterapeuta eta gainontzekoak kontuan hartuta, 50 bat izango gara. Hiru hegazkin izango dira guztira, bi Madrildik eta Bartzelonatik bestea. Hasiera batean Espainiako Federazioak ez zeuzkan horrenbeste plaza aurreikusita, baina ‘ezusteko gutxienekoak’ direla eta beraiek uste baino atleta gehiagok konpetituko dugu Kolonbian. Uztailaren 20an bueltatuko gara.

Euskal Herritik hiru atleta goaz Calira. Oraindik ezagutzen ez dudan Iruñeako atleta bat, Dorleta Armendariz pisu-jaurtitzale ordiziarra eta ni. Nire inguruko jendea (familia, lagunak, entrenatzailea…) ez da nirekin etorriko, baina guztiz ulergarria da. Bidaia luzea eta garestia da denentzat. Hasiera batean Oscar Goikoetxea entrenatzaileak etorri behar zuen, baina azkeneko momentura arte ez dugu jakin azkenean mundialean egongo nitzen edo ez, federazioak ez baitu berehalakoan atera aukeratutako atleten zirkularra, eta jada berandu zen mugitzen hasteko. Bakarrik noa, baina ulertzen dut. Ez dago arazorik.

Zein helbururekin zoaz mundialera?

Jendea ezagutzea eta esperientzia berri eta polit bat bizitzea dira nire xede nagusiak. Nire marka hobetzearekin ez naiz obsesionatzen, ez dit loa kentzen horrek. Horrek ez du esan nahi oporretara noanik; maila txukuna eman nahi dut, noraino irits naitekeen ikusi, eta federazioko kideei erakutsi ez direla erratu ni txapelketarako hautatzen.

Calirako txartela ekaina amaieran lortu zenuen, Ciudad Realen.

Jubenilen aire libreko Espainiako txapelketa jokatu genuen han. Hainbat diziplinatan parte-hartzeko gutxienekoa neukan, baina Oscarrekin hitz egin ostean erabaki genuen 100 metro hesietan soilik parte hartzea, aukerak edukiko nituela pentsatzen zuen.

Lehen seriean lasterka egin aurretik mundialerako beharrezko gutxienekotik 17 ehunekotara nengoen. 14,22 segundoko marka neukan eta gutxienez 14,05ekoa behar nuen Calin egoteko. Serie horretan lortu nuen gutxieneko denbora hori egitea eta Bartzelonako Mar Ramirezekin batera – 14,00 egin zuen berak – mundialerako sailkatuta nengoen.

Semifinaletako seriearen ostean, ordea, kanpoan nengoen. Nire marka onena tanda horretan egin arren (13,99), Ramirezek 13,98 egin zuen eta Iruñeako Miren Bartolomek 13,92. Momentu horretan pentsatu nuen: ‘Eneritz, etxera zoaz’. Dena den, finalera begira jarri nintzen berehala eta nire buruari esan nion: ‘Bi atletak ni baino marka hobea daukate. Lasai, ez da ezer gertatzen. Zuk ahal duzun ongien egin eta ikusiko dugu zer gertatzen den’.

Finala iritsi eta irabaztea lortu nuen, 14,18 segundoko marka eginda. Horrek eman zidan Calira joateko txartela.

Hasieran mundialean, kanpoan gero eta azkenean barruan. Zenbateraino eragiten dute gorabehera emozional horiek konpetitzerako orduan?

Asko eragin dezakete. Beharbada kanpotik ez da antzematen, baina atletok presio askorekin egiten dugu lasterka. Ciudad Realen zer esanik ez, mundial baterako txartelak baitzeuden jokoan. Faktore erabakigarria izan daiteke.

Horren adibide garbi bat ikusi genuen finalean. Hasi eta ordu laurden lehenago deitzen gaituzte, kontrol postutik pasa eta lasterka egiteko prestatzeko. Zortzi atletak hartu behar genuen parte lasterketan, baina pistan sei bakarrik geunden. Iruñeako Miren Bartolome eta beste bat falta ziren. Bost minutu beranduago iritsi ziren, eta epaileari ez zitzaion batere gustatu hori, ia ez zien utzi lasterketan parte hartzen. Bi atletei esan zien gainontzeko seietako bakar bat kexatuz gero, ez zutela parte hartuko finalean. Guk ez genuen halakorik egin eta korri egin zuten azkenean, baina tentsio hori dena bizi eta gero ez zioten berdin egin aurre probari.

Pentsa ezazu, Miren Bartolomek zeukan une horietan marka onena: 13,92 segundo. Baina azkenean ezin izango du Calira joan, ez baitzuen final ona egin. Azkenerako unera arte ez zuen jakin azkenean finalean lasterka egin ahalko zuen edo ez, epaileak kanpoan utzi ahal zuelako. Tentsioak, urduritasunak…asko eragin dezakete. Atleta oso ona izan zaitezke, baina nerbioek askotan ez dute barkatzen.

Urduri al zeunden zu ere finalari ekin aurretik?

Askok esaten didate ni ez naizela inoiz urduri jartzen, baina hori ez da egia. Nik ere baditut nerbioak, finalari ekin aurretik oso urduri nengoen! Baina ni beti saiatzen naiz sentsazio hori beste era batera bideratzen, nerbioak kontrolatzen. Ez daukat botere berezirik, urduritasuna ez dut kontrolatzen ‘orain eta nik nahi dudalako’. Konpetitzerakoan horrela ateratzen zait, ez dago beste azalpenik. Ez nuen pentsatu lasterketa txarra eginez gero mundialetik kanpo geratuko nintzela, korrika besterik ez nuen egin. Hori da dena.

Oscar Goikoetxea entrenatzaileak esan ohi dit hazi egiten naizela samurrak ez diren egoeretan, lehiaketa garrantzitsuetan. Nik, egia esan, ez dakit zer egiten dudan. Konpetitu eta kitto. Maite dut atletismoa; beti daukat korrika egiteko gogoa.

Finala bukatu eta mundialera zindoazela jakin zenuenean, zer egiteko gogoa eduki zenuen?

Bukatu bezain laster buelta eman eta markagailuari begiratu nion. Irabazi egin nuen finala baina ez nuen gehiegi ospatu, bukatu eta bost bat minutura emaitzak aldatu egiten baitituzte ‘akats marjina’ delakoagatik. Horren ostean jada bai, ikaragarri poztu nintzen eta elkar besarkatu ginen Mar Ramirez eta biok, Calira gindoazelako.

Lasaitasuna ere sentitu nuen. Presioaren motxila pisutsua kentzen duzuneko momentu hori oso berezia da. Aske sentitu nintzen.

Era berean nirekin egon diren jendearekin akordatu nintzen: entrenatzaileak, LOKEko taldekideak, familia, lagunak… Eta are gehiago esango dizut.

Aurrera.

Lasterketa hasterakoan atleta bakarrik dago. Berak mugitu behar ditu hankak, berak kontzentratu behar du. Baina ni ez nintzen bakarrik sentitu, aipatu ditudan guztiek egin zuten nirekin batera lasterka. Nirekin txapelketara joan ziren bi entrenatzaileak, Oscar Goikoetxea eta Amaia Andres, eta ikaragarri gustura egon naiz beraiekin. Gertutasuna eta babesa sentitu ditut. Txapelketa ona eginez gero ederki ospatuko genuela banekien, baina asteburua gaizki joanez gero euren besarkada eta animoak ere bermatuta nituen, eta hori oso garrantzitsua da niretzat.

LOKE aipatu duzu. Atletismoaren adarra, zehatzago esanda. Kanpotik ikusita kideak oso batuta zaudetela dirudi.

Sekzio txikia gara. Bi prestatzaile eta zenbait atletak osatzen dugu. Ez gara beste zenbait klub handiren tamainakoak, baina harreman oso estua daukagu gure artean. Ordu asko pasatzen ditugu elkarrekin astero, konpetitzen zein entrenatzen. Animo asko ematen dizkiogu elkarri, nahiz eta gure ika-mikak ere izaten ditugun. Asko maite dugu elkar.

Nire twitter kontuan atletismoa kirol bat baino gehiago dela daukat jarrita, eta LOKEren esentzia ere hori dela esango nuke: pertsonak daude atletismoaren gainetik.

Barru-barruan daramat esaldi hori, horrela sentitzen dut. Kirol soil bat baino gehiago da atletismoa. Lehen aipatu dudan egoera hori, Ciudad Realeko finala, adibide garbi bat da. Sei atleta horietako bakar batek nahi izan bagenu, Mirenek eta beste atletak ez lukete parte hartuko. Baina ez genuen egin. Nik neuk ere horrela esan nion Mireni: ‘Atletak gara, bai, baina lagunak horren gainetik’.

Pertsonek osatzen duzue LOKE, beraz. Atletak ere bazarete, finak gainera. Azken urteotan lortzen ari zareten emaitzei begiratu besterik ez dago. Michelingo Instalazioak emaitzak bezain onak al dira?

Ez, ez dira batere onak. Luzera zein altuera jauziak egiten badituzu, ia zemento gainean egiten duzu salto hondarrik ez dagoelako apenas. Pista ere gogorra dago jada, eta min ematen du korrika egiten duzunean. Hobekuntzak behar ditugu, baina arduradunek ez digute jaramonik egiten. Kirol diziplina asko ditugu herrian eta denei eman behar zaie arreta, denak zaindu behar dira, ez batzuk bakarrik.

Michelingo atletismo guneaz lehen aldiz hitz egin zizutenean ez zenuen ezagutu ere egiten.

Lehen Hezkuntza Donostiako Mary Ward ikastetxean egin nuen, ez nintzen apenas irteten herrian. Ikastetxean errelebo txapelketak egiten genituen eta gustura hartzen nuen parte horietan. Egun batean, kartel bat ikusi nuen herrian, Ostadarren Kros Herrikoia iragarriz. Izena ematea erabaki nuen eta bertan hartu nuen parte. Bukatu ostean, LOKEz eta Lasarte-Orian atletismoa egiteko aukeraz hitz egin zidaten. Familiarekin hitz egin ostean hor azaldu nintzen Michelinen, amarekin batera. Amaia Andresek hartu gintuen eta berarekin bildu eta astebetera hasi nintzen, urte horretako otsaileko azken asteazkenean.

Herrian denbora gehiago pasatzen hasi nintzen, eta asko gustatu zitzaidan giroa. Handik pare bat urtera ikastetxez aldatu eta Landaberrira etorri nintzen, DBH 2. mailan. Aldaketa hori mugarria izan da nire bizitzan.

Ostadarreko Krosetik Caliko mundialera. Atletismoari eskainitako ordu asko tartean.

Entrenatu gabe ez dago aurrera egiterik. Ez dut nik bakarrik lortu ordea, jende askok lagundu dit honaino iristen.

Entrenamenduei dagokienez, hesietan zentratu gara aurten batez ere. Hainbat alor lantzen ditugu urtean zehar: teknika, abiadura, pesak ere egiten ditugu, konpetiziorik ez daukagunean aldapak egiten ditugu larunbatetan... Altuera jauzia egitetik nator ni, eta diziplina desberdinak dira oso. Mantsoagoa da bigarrenaren prozesua. Aurten zentratu gara hesiak ahalik eta azkarren pasatzen ikasten eta hesi tarteko tramo horiek ahalik eta azkarren burutzen. ‘Pasa’ hitza erabiltzen dut, horretara mugatu behar naizelako. Hesiak gainetik pasatzera, ez saltatzera. Hori pasatzen zitzaidan hasieran, komeni baino denbora gehiago behar nuen hesiak atzean uzteko, salto egiteko ohitura hori neukalako. Denbora asko eskaini diogu horri eta denboraldi osoko garapenari so eginez gero marketan ikusten da eboluzio hori. Hesien diziplinara egokitzen ari naizela uste dut.

Segundo, minutu eta ordu asko eskaintzen dizkiozu atletismoari, baina ezin esan zure bizitza horretara mugatzen denik. Atleta baino gehiago zara.

Beste zaletasun batzuk ere baditut, noski. Marraztea asko gustatzen zait, orduak eta orduak eman ditzaket arkatza eta papera eskuan. Ez dut inoiz klase bakar batera ere kale egin. Lagunekin egotea ere oso gustuko dut, bideojokotan aritzea, argazki kamera ere hartzen dut batzuetan… Orain udan gaudela, hondartzara joatea gustatzen zait baina txapelketa dela-eta ez dut gehiegi zapaldu azkenaldian.

Pertsona adeitsua naiz, beti nago prest lagunak laguntzeko. Euren arazoak nire egiten ditut, barruraino iristen zaizkit. Detaileak ere asko zaintzea gustatzen zait, eta burugogorra ere banaiz, bi zentzutan: lortzeke ditudan helburuak betetzeko azkeneraino saiatzen naiz, baina gero ez baditut lortzen mundua ez zait gainera erortzen. Bestalde, onartu behar dut eztabaidetan-eta zaila dela niri iritziz aldaraztea. Horrez gain, jakin-min handiko pertsona naiz, asko gustatzen zait gauzak zergatik gertatu eta nondik datozen ikusi eta ikastea. Antzinako zibilizazioak (Grezia eta Erroma) oso interesgarriak direla iruditzen zait, mitologia, gauzei zergatiak bilatzeko zuten abilezia hori.

Ikasketei dagokienez, Batxilergo artistikoa egingo dut Usandizagan, Donostian. Formatu egin nahi dut esparru horretan ere, noraino iristeko gai naizen ikusi. Ondoren, kirolarekin lotutako goi-mailako ikasketak egin nahiko nituzke, edo Magisteritza gradua bestela, eta soinketara bideratu laugarren urtean. Finean, urteotan guztietan kirol munduan irakatsi didaten guzti hori transmitzea gustatuko litzaidake.