Eneritz Busto, Espainiako eliteko atletekin lehian

Txintxarri Aldizkaria 2016ko martxoaren 11

Pista estaliko Espainiako atletismo txapelketan hartu du parte Eneritz Bustok, absolutu mailakoan. 18 urte bete berriak ditu eta oraindik juniorra den arren, eliteko atleta artean aritu da asteburuan, Madrilen.

Juniorra izanda, absolutu mailako pista estaliko Espainiako atletismo txapelketan lehiatu da Eneritz Busto LOKEko atleta gaztea, asteburuan. 18 urte bete berriak ditu, eta pista berean aritu da dagoeneko eliteko atleten aurka indarrak neurtuz, Madrilgo Gallur kiroldegian.

"Nire marketatik urrun ibili naiz txapelketan, baina, hala ere, finalerdietarako sailkatzea lortu nuen. Gero, ezin izan nuen sailkatu finalerako", dio Bustok. Lehenengo kanporaketan 8.92 segundotan geratu zuen kronometroa. Finalerdietan berriz, 8.97 egin zuen –denboraldiko marka onena 8.88koa izan da–. 

"Espainiako maila goreneko atleten aurka aritu naiz; ezin naiz kexatu alde horretatik", aipatzen du atleta gazteak. 

Pista estaliko denboraldia ez da amaitu oraindik Bustorentzat. Datorren asteburuan Sabadellen ariko da, junior mailako Espainiako pista estaliko txapelketan. 60 metro hesietako proban lehiatuko da; Espainiako txapelduna izan zen iaz kategoria horretan.