Eneritz Busto Espainiako txapeldun jubenil mailan, 60m hesietan

jon-altuna-egitegi 2015ko mar. 19a, 15:02
Iaz Itoitz Rodriguezek 400 metroetan egin bezala, urrezko domina jantzi zuen Eneritz Busto LOKEko atletak joan den astean Donostiako Antonio Elorza Belodromoan ospatu zen pista estaliko Espainiako jubenil txapelketan. Bigarren urtez jarraian, LOKE bezalako klub txiki batek urrezko domina Lasarte-Oriara ekartzea lortu du.

Bustok 60 metro hesien finalean 8,76ko marka egin bazuen ere, finalaurrekoan 8,74ko marka hobea osatu zuen, finalerako txartela nagusitasunez eskuratuz.

Behin finalean, irteera on bat eginez eta hesiak hilabeteotan lantzen aritutako teknika eta abiadura handian pasata, Espainiako txapela jantzi zuen.

“Oso neska ausarta da, konpetidore ona, lehiaketaren momentuan ez da beldurtzen eta barruan duen guztia ematen du”, adierazi du Oscar Goikoetxea prestatzaileak: “Oso pozik nago Eneritzek lortu duenarekin. Merezi du. Oro har, gustura nago taldeak indoor denboraldian eman duen mailarekin eta emaitzak onak izan dira”.

Orain LOKEk entrenamendu erritmoa jaitsi du hilabete eta erdi barru hasiko den aire libreko denboraldia prestatzeko asmoz. Hemendik aurrera, Super Amara BAT taldearekin lehiatuko dituzten Espainiako Ligak eta Espainiako Txapelketak izango dira LOKEko atleten erronka nagusiak.