Denboraldiko lehen partiduko kronika 'Jokoa eta aukerak bai, punturik ez' esaldiarekin titulatu zuen kazetariak. 2-0 galdu zuten Hondarribiaren aurka. Itzuli oso bat igaro da ordutik, eta nabarmen aldatu dira zenbait aspektu. Joko ona egiten jarraitzen du Ohorezko Erregional taldeak, aukerak ere sortzen ditu, baina azkenaldian golak sartu eta hirunaka zakuratzen ditu puntuak.
Bigarren itzuliari ekiteko atarian, Mikel Medina eta Gaby Sanchezen mutilek 32 puntu bildu dituzte, eta hirugarrenak dira sailkapenean. Azkeneko lau partidak irabazi dituzte jarraian, eta gehiago nahi dute.
Bihar edukiko dute aukera bolada onari jarraipena emateko, gotorleku bilakatu den Michelingo zelaian. Hain zuzen, Hondarribiaren aurka neurtuko dituzte indarrak, arratsaldeko seietan hasita.
Etxean sendo
Zazpi partidu irabazi, bat berdindu eta beste bat galdu. 19 gol alde eta 9 kontra. Etxean sendo ari da herriko taldea; Michelingo zelaia puntu-iturri oparo eta fidagarri bihurtu du, lehengo urtean ez bezala. Goi partean dabiltzan Tolosa, Hernani eta Touring, beste batzuen artean, esku-hutsik atera dira bertatik.
Etxetik kanpo berriz, hiru partidu irabazi dituzte, bakarra berdindu eta lau galdu. Denera hamazazpi norgehiagoka jokatu ditu taldeak; hamar irabazi ditu, bi berdindu eta bost galdu. Iazko sasoian 11 partidu irabazi zituzten urdin-beltzek denera eta aurten, lan erdiak eginda, bat gutxiago daramate soilik.
Emaitza onen gakoetako bat jokalari gazte eta beteranoen arteko konbinazioa da. Lehenen ilusio eta goseak primeran egiten du bat bigarrenek daukaten esperientzia eta jakituriarekin. Hainbat urtetan goi-mailan jokatutako aurrelari bat edukitzeak ere badu eragina, noski: 14 gol daramatza Gorka Britek aurten.
Ilusioz gainezka
Ostadarrek 2012/13 denboraldian jokatu zuen estreinakoz Erregionalen Ohorezko Mailan. Aurtengo sasoira arte, maila mantentzeagatik egin du borroka baina, aurtengo martxari erreparatuz, beste helburu batzuk ditu taldeak buruan, bigarren sailkatua (Azkoitiko Anaitasuna) bi puntura baitauka eta liderra berriz, seira (Tolosa).
Hirugarren Mailara igotzeko borrokan sartu da Ostadar bete-betean. Horiek hitz potoloak dira oraindik, liga erdia falta baita, baina behintzat hor dago aukera. Ez litzateke titular txarra izango denboraldiko azken kronikarako.