Punturik zakuratu ez badute ere, Ohorezko Erregionaleko jokalariek badituzte arrazoiak pozik egoteko. Futbolean oso ongi jokatzen dakitela erakutsi dute Ondartzako zelaian, aukerak ere izan dituzte, baina golik ez dute sartu eta talde batek barkatzen duenean normalean zigorra jasotzen du ondoren. Horrela izan da gaurkoan ere, eta Hondarribiak eskuratu ditu 3 puntuak 2-0 irabazita.
Bi taldeak gogotsu atera dira Ondartzako berdegunera. Ostadar izan da nagusi lehenengo 5 minutuetan, baina Hondarribiako erdilariek hartu dute gero jokoaren pisua, eta hurrengo 15 minutuetan arriskuz gerturatu dira Iker Hernandok zaindutako atera. Bizpahiru korner ateratzea lortu dute, baina herriko taldea fin ibili da jokaldi horien defentsan eta arriskua urruntzea lortu du. Hasiera kementsu horren ostean, Hondarribiak pausu bat eman du atzera eta pixkanaka-pixkanaka Ostadarrek baloiaren jabetza eskuratu du, presioan finago ibili delako eta baloi dezente lapurtu dituelako.
20. minututik aurrera hasi da Ostadar arriskua sortzen. Xabi Ugalde, Javi Gutierrez, Gorka Marcos eta Gorka Brit elkarren artean jokaldiak egiten hasi dira, erdialdean baloia azkar mugituz gero bi hegaletara zabaltzeko. Egoitz Rodriguez eta batez ere Unai Arruti dezentetan sartu dira ezkerretik zein eskuinetik, baina etxeko taldeak bikain urrundu ditu baloi horiek denak. Bereziki aipagarriak izan dira Javi Gutierrezen bi erremate; lehenengoa defentsa batek urrundu du eta bigarrena gutxigatik joan da kanpora.
Gauzak horrela, 0-0eko markagailuarekin joan dira bi taldeak atsedenaldira, partidua oso parekatua izaten ari zenaren seinale. Aipatu beharra dago zelaia ez zegoela oso ondo, eta horrek asko zaildu duela bi taldeen jokoa, Ostadarrena batez ere, erdialdean kalitate handiko jokalariak dituelako eta azpitik jokatzera ohituta daudelako.
1-0ekoa, gakoa
Bigarren zatiaren hasiera lehenengoaren bukaeraren antzekoa izan da. Ostadarrekoak baloia bereganatu du eta Hondarribiaren atera hurbiltzen hasi da, zorterik gabe berriro ere. Gorka Brit eta gola hitza sinonimoak dira, baina gaurkoan ez du abagune garbirik eduki eta taldeak nabaritu egin du. Ohi den moduan taldekideentzat jokaldiak egiten saiatu da baina gero errematera joaterakoan ez du baloi garbirik eduki.
Norgehiagoka oraindik berdinduta egon arren, Ostadar gehiago egiten ari zen 3 puntuak Lasarte-Oriara eramateko, baina jokaldi nahasi batean Hernando atezaina apur bat berandu iritsi eta Hondarribiako aurrelariari penalti egin dio. Hernandok asmatu egin du jaurtiketaren norabidea eta geratu egin du, baita lehenengo aldaratzea ere, baina bigarrenean jada ezin izan du ezer egin eta 1-0ekoa jarri du etxeko taldeak markagailuan. 60. minutua zen.
Gola egin eta gero erakutsi ditu Hondarribiak bere bertute guztiak. Atzeko eta erdiko lerroak elkarrengandik oso hurbil jarri dituzte eta defentsan erakustaldia eman dute, iritsi zaizkien baloi guztiak urrunduz. Horrez gain, jarrera erabat aldatu eta askoz ere agresibitate gehiagoz jokatu dute, uneoro Ostadarreko jokalarien gainean egonez arnasik hartzen utzi gabe eta baloi asko berreskuratuz. Baloia berreskuratzearekin bakarrik konforme ez, eta kontraeraso azkar eta bortitzak sortu dituzte, herriko taldearen atzeko lerroa estuasunetan jarriz.
Ostadar saiatu da berdinketaren bila joaten, hiruko lerroa jarri du atzean eta Javi Gutierrez Gorka Britekin batera aurrean, baina aldaketa hori egin bezain pronto bigarren gola sartu du Hondarribiak, partidua erabakita utziz, 82. minutuan. Azkeneko hamar minutuetan Ostadarrek eduki du aukeraren bat edo beste, Hondarribiak ere sar zezakeen hirugarrena, baina azkenean markagailua ez da mugitu. Ezin daiteke esan Hondarribiak epailearengatik irabazi duenik gauzak ongi eta txukun egin baititu, baina polemikoak izan dira bi golen jokaldiak. Jokoz kanpokoa eskatu dute Ostadarreko jokalariek penaltiaren eta bigarren golaren jokaldian.
Burua altxa eta lanean jarraitzea beste erremediorik ez dute Mikel Medina eta Gabi Sanchezen mutilek. Datorren asteburuan Errenteriako Touring-en kontra neurtuko dituzte indarrak, Michelingo futbol zelaian.
Fitxa teknikoa
Ostadar SKT: Iker Hernando; Asier Paniagua, Axi Aizpurua (Aner Lozano, 80. min.), Andoni Sanchez, Iñigo Gonzalez; Xabi Ugalde, Gorka Marcos, Javi Gutierrez; Unai Arruti, Egoitz Rodriguez (Igor Astiazaran, 65. min.) eta Gorka Brit.