Kultura, auzoz auzo

Txintxarri Aldizkaria 2016ko ekainaren 17a

Lasarte-Oriako Udalak 'Kultura Auzoetara' programa jarri du abian. Iragan astean hasi zen, Oria auzoan. Datorren astetik aurrera hartuko du erritmoa berriro egitasmoak, eta ekain bukaera zein uztail osoan auzoz auzo ibiliko da herriko kultura.

Datorren asteko asteburuan Atsobakarren egingo du bigarren geldialdia Udalaren 'Kultura auzoetara' programak. Ostiralean, hilak 24, Lur Usabiaga ipuin kontalaria ariko da Semblante Andaluzen egoitzan, 18:00etan. 3 eta 7 urte bitarteko umeei zuzendutako istorioak plazaratuko ditu. 25ean, berriz, eskaiolaz egindako maskaren tailer bat egingo dute, Golf plazan, 11:00etatik aurrera.

Arestian aipatu legez, egitasmo honen bigarren geldialdia izango da datorren astekoa. Lehenengoa Orian egin zuen, pasa den astean.

Uztail osoan zehar

Atsobakarretik igaro ostean, berriro ere Oriara itzuliko da 'Kultura auzoetara'. Uztailaren 9an, larunbatarekin, argazki rally bat egingo dute La Esperanza auzokideen elkartean, 11:00etan hasita. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, argazki kamera eramatea beharrezkoa da.

Uztailaren 15ean eta 16an Zumaburura iritsiko da kultura. 15ean, ostiralez, Lur Usabiaga ariko da 3 eta 7 urte bitarteko haurrei ipuinak kontatzen, Isla Plazan, 18:00etan hasita. Hurrengo egunean berriz, globoflexia tailerraz gozatu ahalko dute herriko gaztetxoek plazan bertan.

Eta, Zumaburutik, Zabaletara: uztailaren 22 eta 23an bertan garatuko da 'Kultura auzoetara'. Lur Usabiagak ipuinak kontatuko ditu orduko horretan ere, 3 eta 7 urte bitarteko haurrentzako, 18:00etatik aurrera, Antonio Blas plazan. 23an, birziklatutako diruzorro tailer batean parte hartu ahalko dute auzotarrek gune berean. Antolatzaileek zehaztu dutenez, bi tetrabrik eramatea beharrezkoa da.

Uztaileko azken geldialdia Sasoetakoa izango da, uztailaren 29 eta 30ekoa. 29an Lur Usabiagaren istorioak entzungo dituzte gaztetxoenek 18:00etatik aurrera Jaizkibel Plazan, eta, 30ean, fruten tailer bat egingo da plaza horretan bertan.