Denboraldiak joan eta denboraldiak etorri dira, belaunaldiak ere aldatu dira, baina Errendimenduko kadete neskek ez dute maila apur bat ere jaisten. Hirugarren urtez jarraian, Gipuzkoako txapeldun izateko lehiatuko dira, beste hiru talderekin batera -Iraurgi, Easo eta Askatuak-, lauko finalean. Talde urdin-beltza txapeldun izan zen duela pare bat urte, eta finalerdietara iritsi zen iaz.
Igande honetan ekingo dio Ostadarrek lauko finalari. Iraugiren kontra neurtuko ditu indarrak, lehenengo finalerdian. 10:00etan hasiko da norgehiagoka, Bidebieta kiroldegian. Handik bi ordura Easok eta Askatuakek jokatuko dute bigarrena. Bi talde irabazleek datorren asteko igandean jokatuko dute final handia, 10:00etan, kiroldegi horretan bertan.
Asteburuko emaitzak
Bi garaipen eta hiru porrot erdietsi dituzte Ostadar SKTko taldeek asteburuan. Errendimenduko kadeteek primeran itxi dute bigarren fasea, Bera Bera Manteori 47-30 irabazita. Arestian aipatu bezala, lauko finalerako sailkatu da taldea.
Partizipazioko kadeteek egurtu egin zuten Atletico San Sebastian, Udal Kiroldegian: 48-20 nagusitu ziren urdin-beltzak. Multzoko lider izaten amaitu dute bigarren fasea, eta, honenbestez, denboraldia.
Pasa den asteburua ez zen izan horren gozoa 3. probintzialeko senior gizonezko eta Partizipazioko junior neskentzat. Lehenengoek 41-72 galdu zuten Easoren kontra; bigarrenek, berriz, ezin izan zuten Bera Bera Ulia mendean hartu; 54-36 galdu zuten.
Euskal Ligako junior neskek amaitu dute jada denboraldia, baina ez dira saskibaloiaz aspertu, ezta gutxiagorik ere. Lagunarteko partiduak jokatzen dituzte orain asteburuetan: Easorekin neurtu zituen indarrak Ander Otaegiren taldeak, eta galdu egin zuen, 78-56.