Kadete neskek lan ederra egin zuten

Txintxarri Aldizkaria 2015ko api. 26a, 21:15
Ostadar SKT-ko emakumezkoen errendimenduzko kadete taldeak ezin izan zuen iaz lortutako garaipena berretsi etxean jokatutako lauko finalean. Denboraldi ederra egin ostean, Easoren aurka galdu zuen atzo finalerdia. Gipuzkoako txapeldun berria Ordizia da.

Lasarte-Oriako kiroldegian saskibaloia izan da nagusi asteburuan. Emakumezkoen Errendimenduzko Kadeteen lauko finala jokatu da herrian eta Ostadarreko errendimenduzko taldea bertan izan da lehian, Easo Balerdi 99, Ordizia eta Bera Berarekin batera.

Endika Marrahik zuzentzen duen taldeak lehen finalerdia jokatu zuen atzo arratsaldean Easo Balerdi 99 taldearen aurka. 

Ostadarreko neskek etxean finala jokatzea zuten buruan eta kiroldegiko harmailak zaletuz bete ziren taldea animatzeko.

Easok min handia egin zuen lehenengo 20 minututan. “Hortik aurrera gure jokoa egiten hasi eta lasaitasunez egin dira jokaldiak,” azaldu zigun Endika Marrahi entrenatzaileak.

Izan ere, bigarren laurdena amaitzear, Ostadarreko neskek haien balioa erakutsi eta tartea txikitu zuten. Atsedenaldira, 22-28 iritsiaz.

Tamalez, urduritasuna nagusitu zen, eta arerioa honetaz baliatuz tartea ireki zuen.

Gainera, “nahiz eta gauzak ondo burutu eta gauzak hobeto egin arerioa pauso bat aurrera zegoen,” azaldu zigun kadete nesken arduradunak.

Era honetara, Easo 44-63 gailendu zitzaion Ostadarri.  “Amaieran, azkeneko esfortzua egin behar zen baina ez zegoen indarrik, emaitzak ez du islatzen egindako esfortzua eta egiteko gai garen lana,” azpimarratu zuen Marrahik.

Honetaz gain, denboraldian zehar neskek egindako lana goraipatu zuen entrenatzaileak, “urte osoko lanak saria dauka, Gipuzkoako Errendimendu finalak jolastea eta hori lortu dute gure neskek, nahiz eta mingarria den etxean antolatua izana eta lehenengoan kanpora joatea, finalak galtzeko iritsi egin behar da”.

Ordizia garaile

Bigarren finalaurrekoan, Ordizia eta Bera Beraren arteko norgehiagoka izan zen eta goierritarrak 70-58 gailendu ziren.

Era honetara, Ordizia-Easo Balerdi 99 izan da gaurko final handia eta Ordiziak lortu du garaikurra partida 44-50 amaituz. 

Eskertza

Ostadar SKTko saskibaloi ataleko kideek eskerrak eman nahi dizkiete asteburuan kiroldegira lauko finala ikustera gerturatu den jende guztiari “kiroldegiko giroa ezin hobea izan da eta”. 

Era berean, bi aste barru Junior mailako nesken lauko finala izango dela gogoratu dute eta herritarrak gonbidatzen dituzte honetara, “animatzen ikusi nahi zaituztegu”.