Maila altuko saskibaloia kiroldegian abenduko zubian zehar

Txintxarri Aldizkaria 2015eko abenduaren 4a

Emakumezko infantil mailako lau selekziok lagunartekoak jokatuko dituzte asteburu honetan, urtarrileko Espainiako txapelketarako prestakuntza gisara. Euskadik, Galiziak, Gaztela Leonek eta Madrilek kilate askoko saskibaloia eskainiko dute Lasarte-Oriako kiroldegian.

Ostadar SKTko saskibaloi alorrak badu herritarrentzako plana asteburu luze honetarako. Euskadiko eta Gipuzkoako Saskibaloi Federazioekin batera, emakumezko infantil mailako lagunarteko txapelketa antolatu du, abenduaren 6an eta 7an. Euskadi, Galizia, Gaztela Leon eta Madrilgo selekzioak ariko dira nor baino nor gehiago Lasarte-Oriako kiroldegian. 

Euskadik eta Gaztela Leonek jokatuko dute estreinako partidua igande goizeko 10:15ean. Egun horretan beste hiru norgehiagokaz gozatu ahalko dute herritarrek. 12:00etan Galiziak eta Madrilek neurtuko dituzte indarrak, Euskadik eta Madrilek 16:45ean eta azkenik Galiziak eta Gaztela Leonek 18:30ean.

Gainontzeko biak astelehenenean jokatuko dituzte: Euskadi eta Galiziaren artekoa 10:15ean hasiko da eta 12:00etan jokatuko dute Gaztela Leonek eta Madrilek. 

Udalaren "babesa"

Lasarte-Oriako Udalak adierazi du "babesa" ematen diola ekitaldiari. Iritzi du "beharrezkoa" dela kirola sustatzea, "are gehiago emakumezkoen kasuan". Hori dela eta, jakinarazi du bere gain hartuko dituela kiroldegiko harreran lan egiten duten pertsonek sartuko dituzten orduen kostua, eta dohainik utziko diola kantxa Ostadar SKTri. 

Aitor Anabitarte Asturiasen

Gizonezkoen infantil mailakoek ere jokatuko dute lagunarteko txapelketa asteburu honetan, baina ez Lasarte-Orian, Asturiasen baizik. Dena den, herriak izango du ordezkaritza kirol ekitaldi horretan, Aitor Anabitarte gaztea Euskadiko taldearekin jokatzeko deitua izan baita. Estreinakoz ariko da herritarra selekzioarekin.

Asturiasek, Euskadik, Galiziak eta Gaztela-Leonek hartuko dute parte lagunarteko txapelketa horretan, urtarrileko Espainiako txapelketara begira baita ere.

Gipuzkoarekin aritua da herriko jokalari gaztea; urriko azken asteburuan gizonezkoen infantil mailako txapelketa irabazi zuen taldeko kideetako bat izan zen bera.