Lasarte-Oriak ordezkaritza izan du iragan asteburuan Amurrion jokatutako Euskadiko saskibaloi txapelketetan. Zehazki, infantil mutilen kategorian: Donostiako Eason jokatzen duen Aitor Anabitarte izan zen Gipuzkoako taldeko kideetako bat.
Ostiralean Arabaren aurka neurtu zituen indarrak Gipuzkoak, eta nagusitasunez hartu zituzten mendean, 74-47. Final handia igandean jokatu zuten, Bizkaiaren aurka. Ostiralekoa baino dezente borrokatuagoa izan zen norgehiagoka; gogotik izerditu behar izan zuten gipuzkoarrek txapelketa irabazteko. Azkenean, 52-49 nagusitu ziren.
Infantil zein kadete mailako txapelketak izan ziren Amurrion jokatutakoak; emaitza bikainak erdietsi zituen Gipuzkoak. Infantiletan irabazle izan zen infantil mutilen zein nesken kategorietan, eta baita kadete neskenean ere.