Herriko komertzioen biziberritzea hedatzen

Txintxarri Aldizkaria 2015eko azaroaren 20a

Anaiak jantzi denda zenak bizia hartu du berriro ere, herriko beste zenbait komertziok euren produktuak jarri baitituzte erakusleihoetan. Lau argazkigintza komertziok hartu dituzte oraindik libre zeuden biak. Noaoa bidaia agentziak erabiltzen du hirugarrena.

Lasarte-Oria Biziberritzen egitasmoa gero eta hedatuago dago herrian. Jardunean dauden komertzioei produktuak iragartzeko espazio osagarri bat eskaintzean datza Aterpea merkatarien elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak martxan jarritako egitasmoak. Horretarako, ateak itxita dauzkaten dendengana jo eta biziberritzeko aukera hori planteatzen diete.

Proiektuan parte hartu du Anaiak jantzi denda zenak, esate baterako. Egitasmoaren bigarren fase honetan herriko lau argazkigintza negoziori (Eztiphoto, Artsier, Xaralphoto eta Foto Martinez) utzi die euren produktuak iragartzen oraindik libre zituzten bi erakusleihoetan. 

Anaiak jantzi dendak hirugarren erakusleiho bat badauka: Noaoa bidaiak ari da hori erabiltzen. Aterpeak eta Udalak proiektuaren lehenengo fasean eman zioten dendari espazio hori.