Herriko komertzioa biziberritzen

Txintxarri Aldizkaria 2015ko urr. 7a, 16:35
Gaur-gaurkoz itxita dauden herriko zenbait denden erakusleihoek beste itxura bat hartu dute; 'bizirik' daude berriro. Aktiboak diren denda batzuek euren produktuak iragartzen dituzte bertan orain. Udalaren Sozioekonomia batzordeak eta Aterpea herriko merkatarien elkarteak elkarlanean burututako ekimena da, aurreko legealditik datorren 'Lasarte-Oria Biziberritzen' egitasmoaren baitakoa.

Loreek, leihoak eta arropa ikusi daiteke orain Otaegi Altzariak dendaren erakusleihoetan, itxi aurretik aulki, ohe eta beste hainbat altzarik bete zuten tokia hartuz. Txuri Urdin tabernan informatika produktuak iragartzen dira, Anaiak jantzi-dendan bidaia bat egiteko ideiak eta eskaintzak aurkitu daitezke eta garai batean arrandegi izan zen Ola kaleko lokal batean mota askotako aparailu elektronikoak ikusi. Ateak ixtearen ondorioz hutsik geratu ziren zenbait dendetako erakusleihoak, eta bizia hartu dute berriro orain.

Hori da Aterpea herriko merkatarien elkarteak eta Udaleko Sozioekonomia batzordeak elkarlanean burutu duten egitasmoaren oinarria: Lasarte-Oriako komertzioaren irudia "are biziagoa" bilakatzea. "Alokairu eta salmenta afixak kendu nahi ditugu zoritxarrez itxita dauden komertzioetatik, aktibo dauden dendek euren produktuak iragartzeko beste espazio bat izan dezaten", zehaztu du aurkezpenean Jesus Zaballos alkateak. 

Aurreko legealdiko udal gobernuak martxan jarritako 'Lasarte-Oria Biziberritzen' egitasmoaren baitakoa da ekimen hau. Ramon Ormazabal Aterpeako kideak nabarmendu duenez, "ilusio handiz" hartu zuten proiektua orduan, eta "oso pozik" daude orain ere, ikusi dutelako udal gobernu berriarentzat "oso garrantzitsua" dela ekimena. 

"Nahiago genuke horrelako ekimenik sustatu beharko ez bagenu; herriko komertzio guztiak irekita daudela adieraziko luke horrek. Horrela ez denez, uste dugu Lasarte-Oriako dendei bizia emango diola egitasmo honek", adierazi du Ormazabalek.

Zortzi denda

Momentuz herriko zortzi komertzio ari dira ekimenean parte hartzen. Otaegi Altzariak zenaren erakusleihoetan bost denda ari dira euren produktuak iragartzen: ISU leihoak, Ormazabal loradenda, Alba moda, Olmi mertzeria eta Alcar leihoak. Txuri Urdin taberna zenaren erakusleihoa Santana informatikak erabiltzen du orain, Anaiak jantzi-denda Noaoa bidaia agentziak eta garai batean arrandegi izandako Ola kaleako lokal bat Abreu bazarrak.

Ramon Ormazabalek zehaztu moduan, parte hartu nahi duten komertzioek "zabalik" dituzte ateak. 

"Ekimen positiboa"

Jesus Zaballos alkateak hartu du hitza Udalaren izenean, eta adierazi du "positiboa" dela erakusleihoak biziberritzearen ideia: "Tamalez itxita dauden komertzioei eta aktibo daudenei bultzadatxoa ematea bilatzen du egitasmoak, herriko komertzioaren irudia are biziagoa izatea. Espero dugu erakusleihoak uzteko prest agertu diren dendek euren ateak laster zabaltzea berriro". 

Beatriz Juez Sozioekonomia batzordeko buruak Aterpearen kolaborazioa eskertu du, eta esan du 'Lasarte-Oria Biziberritzen' egitasmoa "oso garrantzitsua" dela batzordearentzat, eta etorkizunean beste zenbait ekimen sustatzeko asmoa dutela. 

Batzorde horretako teknikari Dioni Avilak esker hitzak izan ditu itxita dauden negozio horien jabeentzat: "Euren ekarpen desinteresatua gakoa izan da ekimen hau bultzatu ahal izateko".