PSE-EE: "Aldundiak Atsobakar bere gain hartzen ez badu epaitegietara joko dugu"

Txintxarri Aldizkaria 2015eko irailaren 25a

Jesus Zaballos alkateak eta PSE-EEren bozeramaileak prentsaurrekoa eman du gaur, EH Bildu alderdiaren adierazpenei erantzuteko eta Atsobakar zaharren egoitzaren auziari buruzko argibideak emateko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak esan du ez duela bere gain hartuko Atsobakar zaharren egoitzaren kudeaketa. Horren aurrean, Jesus Zaballosek adierazi du udala ez dagoela ados horrekin: "Legealdi hau hasi baino lehen EAJ eta PSE-EE akordio batzuetara heldu ziren. Horietako bat izan zen PSE-EEk eta EH Bilduk Kabia erakundearekin iritsitako akordioak errespetatzea. Atsobakarren eskualdatzea dago horren baitan, Aldundiak hartuko duela alegia. EAJk ez badu sinatutako agiri hori errespetatzen, epaitegietara joko dugu".

Era berean, alkateak adierazi du Udala "prest" dagoela Aldundiarekin negoziatu eta akordio batera iristeko, baina Atsobakar zaharren egoitza bere gain hartzen badu beti ere. "Maite Peña Gizarte Politiken diputatuak badaki non nagoen, deitu dezala udaletxera eta hitz egingo dugu. Hori bai, EAJk bete dezala legealdia hasi aurretik adostutakoa, Atsobakar Aldundiak kudeatzea. Bestela, epaitegietara joango gara".  

Bestalde, atzo EH Bildu koalizioak egindako agerraldiaren inguruan ere aritu da Zaballos: "EH Bilduk leporatu digu antzerki hutsa izan zela lehengo astean Aldundikoekin egin genuen bilera. Zer zentzu dauka orduan epaitegietara joatearen mehatxua egiteak?", adierazi du. "Antzerkia egin nahi izan bagenu, hedabideak deituko genituen bilerara argazkia atera eta zabaltzeko, baina ez dugu egin. EH Bilduk egin du antzerkia aurreko legealdian, Udalean zein Aldundian. Esan dute akordio batera iritsi zirela Aldundiarekin. Zergatik ez zuten sinatu orduan? Gizarte Zerbitzuetako batzordean sartu garenean ez dugu inolako dokumenturik ikusi inon". 

Alkateak adierazi du "kontraesankorrak" direla EH Bilduk egindako adierazpenak: "Diote 900.000 euroko defizita eragingo diola Udalari urtero Atsobakar kudeatzen jarraitzeak, eta hori oso kaltegarria dela herriarentzat, baina haiek Aldundiarekin negoziatu zuten akordioan adostu zuten 2001etik Udalak pilatutako zor hori bere horretan uztea, eta diru hori ez eskatzea". 

Zaballosek nabarmendu du PSE-EEk egin dituela "etxeko lanak", hitz egin duela EAJrekin adostutakoa bete eta Atsobakar Aldundiak hartzeko bere gain. "EH Bilduk bereak egin izan balitu, akordioa sinatuta egongo litzateke eta ez ginateke egoera honetan egongo", gaineratu du. 

Era berean, Aldundiko 2015eko aurrekontuak ere izan ditu hizpide alkateak: "Oposizioko alderdiek ez zituzten EH Bilduren aurrekontuak onartu, baina zergatik? Ez zutelako inorrekin negoziatu. Apirilean onartu ziren partida gehigarri batzuk Atsobakarren hitzarmena bideratzeko, egia da, baina PSE-EEk babesa eman zielako. Udalbatzarrean ere babesa eman genion hitzarmena sinatzeari, onuragarria iruditzen zitzaigulako, baina ez zuten ezer sinatu azkenean".

"EH Bilduri esan nahi diogu utzi diezaiola gezurrak esateari, eta udal gobernuarekin batera indarrak batzeko herritarrentzat onena dena eskatzeko: Aldundiak har dezala behingoz bere gain Atsobakar egoitzaren kudeaketa", amaitu du Zaballosek.