Lasarte-Oriako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak irailaren 17an iragarri zuten azken horrek ez zuela hartuko bere gain Atsobakar zaharren egoitzaren kudeaketa, hiru aldeetako ordezkariek egun horretan egindako bileraren ostean.
“Antzerki hutsa” izan zen bilera hori EH-Bilduren iritziz, erabakia “aurretik hartuta” zeukatelako EAJ eta PSE-EE alderdiek. “EAJ eta PSEk guraizeak zorroztuta, inbertsio sozialaren murrizketari ekin diote”, salatu du gaur arratsaldean egindako agerraldian.
Iragarpen horrek eragina izango du udalaren kontuetan, koalizioak nabarmendu duenez “legez Udalak egin behar ez zuen gastu bati egin behar dio aurre, auskalo noiz arte”. Urtean 900.000 euro.
Hitzarmena, “bideratuta”
Koalizio abertzalea egon zen udal gobernuan joan den legealdian. Orduan Aldundiarekin hitzarmena negoziatu zuela aipatu zuten: “Ados geunden bi aldeak, udalbatzarrean ere onartu zen, baina Aldundiaren aurrekontuak atzera bota zituen oposizioak eta partida ekonomikorik ez zegoen hori gauzatzeko”.
2015eko apirilean partida gehigarri bat onartu zuen Aldundiak hitzarmena gauzatzeko. “Sinadura eta argazkia besterik ez ziren falta, baina horretarako gauza ere ez dira izan EAJ eta PSE-EE”, adierazi du koalizioak.
Udalak epaitegietara joko zuela esan zuen Jesus Zaballos alkateak iragan astean; EH-Bildu ez dago konforme erabakiarekin: “Orain behar duguna ez da epaiketa luze bat, ongizatearen aldeko jarrera politikoak baizik”.