Udan primeran gozatzeko prest

Txintxarri Aldizkaria 2015eko uztailaren 6a

Udako Txokoak hasi dira. Etxeko txiki eta gazteek milaka abentura biziko dituzte hilabete honetan. Itsasoa, Euskal Herriko jaiak edo Mundubira oinarri ekintza dibertigarriak egingo dituzte herrian, zein irteera ezberdinetan. Aurten gainera belaunaldi ezberdinen arteko harremana sustatuko da eta azken urteetan lez, saharar haurrak ere izango dira ekimen honetan parte hartzen.

Ur jolasak, jostakirola, igerilekura irteerak, jaialdia, San Ferminak... Udako Txokoetan ez dago aspertzeko astirik.

Uztailaren 1an hasi ziren Udako Txokoak eta nahiz eta txikienek negarren bat egin, udan gozatzeko prest daude 473 haur eta gaztetxo, baita begiraleak ere.

Programazioak

Udako Txokoetako arduradunek azaldu digutenez, adinaren arabera hiru programazio ezberdin dituzte.

HH3 eta HH4 mailako txikiak itsasoan murgilduko dira eta bertako pertsonaiak ezagutuko dituzte. Euskal Herriko Jaietan aditu bilakatuko dira HH5 eta LH2 maila arteko ertainak. Handienek, berriz, Mundubira egingo dute eta herrialde ezberdinetako kulturak landuko dituzte.

Aurten gainera, guztiek batera ekimen berezi bat egingo dute, Batufesta. Honetan belaunaldi ezberdinetako haurrak batu eta bata besteen arteko harremana sustatuko dute. Hala nola, gaztetxoek txikiei eskulanak egiten irakatsiko diete.

Eta azken festan ere guztiak batera egongo dira.

Irteerak

Honetaz gain, ertain eta handiek herritik kanpora irteerak egingo dituzte eta Azpeitia, Orio, Zarautz, Hernialde edo Gamarrako igerilekuetara joango dira.

Gaztetxoak gainera, bibak egingo dute Ikaztegietan. Eta Txokoetako arduradunek aipatu digutenez, bertako lagunak ezagutzeko aukera ere izango dute, hainbat ekintza antolatu baitituzte bertan.

Txikienak, berriz, herriko parkeak ezagutu eta Txikiguayn goiz dibertigarria igaroko dute.
Jaialdiak

Baina ez dute haiek bakarrik gozatuko, Udako Txokoetan egindako lana ikusteko aukera ere izango dute senideek antolatu diren jaialdietan.

Uztailaren 17an Euskal Herriko jaietako giroa ekarriko dute ertainek herriko kaleetara. Aste bat beranduago, Manuel Lekuona kultur etxean dantza bereziak aurkeztuko dituzte. 

Uztailaren 29an, Okendo plazan itsasoko pertsonaia txikien dantzak ikusi ahalko dira. 
Eta gazteek Mundubira desfilea eta hamaiketako eroa izango dute.

Ongietorria

Bestalde, aurten ere, Oporrak bakean egitasmoko saharar haurrak Udako Txokoetan daude parte hartzen. Zazpi dira gure artean dauden laguntxoak eta ostegunean egin zitzaien harrera.