Ongi etorri beroa saharar haurrei

Txintxarri Aldizkaria 2015ko uzt. 2a, 18:24
Oporrak bakean egitasmoko saharar haurrak Lasarte-Orian daude. Aurten ere, bi hilabete igaroko dituzte bertan basamortuan pairatzen dituzten baldintzetaz osatzen. Dibertitzeko aukera ere izango dute, izan ere Udako Txokoetan baitaude parte hartzen.

Zazpi dira gure artean dauden saharar laguntxoak. Nazha, Mrabih, Abdalahi, Hilifa eta Saida dagoeneko gure artean izan ziren iaz eta lagunak egin zituzten Lasarte-Orian Udako Txokoei esker, baina birentzat esperientzia berria da. Hauek Mattu eta Whaba dira.

Milaka abentura biziko dituzte bi hilabete hauetan. Gaur eguerdian, esate baterako, Lasarte-Oriako Udalak eta Txokoetako lagunek harrera berezia egin diete.

Gaztelekuan egin den ongi etorri ekitaldiak bi zati izan ditu. Lehenengoa, Jaizkibel plazan egin da. Udako Txokoetako haur eta gaztetxoek hiru dantza eskaini dizkiete Saharako haurrei. Agurra, txulalai eta ipurdi dantzaren pausoak trebezia handiz burutu dituzte.

Jarraian, haur sahararrak, harrera familiak, udal zinegotzi, alkate eta Txokoetako gaztetxoen taldeak Gaztelekuko areto nagusira sartu dira.

Bertan Jesus Zaballos alkateak ongi etorria egin die saharar haurrei eta harrera familiei eskerrik beroenak eman dizkie. Era berean, Udaleko oroigarriak banatu dizkie gaztetxoei.

Ondoren, Porrotxek magia ikuskizuna eskaini du. Lehenik bere marrazki bat konpondu eta gero Pirritxen panpin bat, kamiseta bat, poster bat eta Saharar bandera kutxa batetik atera ditu.

Azkenik, areto guztia dantzan jarri du 'Pausoka pausoka, abestiarekin. Amaieran Udako Txokoetako haurrek ere haien oroigarria eman dizkiete haur sahararrei.

Bi hilabete osatzeko

Oporrak bakean egitasmoaren bidez, errefuxiatu kanpamentuetan bizi diren haurrak beste herrialdeetara joaten dira bi hilabetez. Izan ere, garai honetan 50 gradura iristen baitira. 

Egonaldia mediku azterketa orokorrak egiteko baliatzen da. Gainera, haurrek elikadura orojakilea dute eta fisikoki ere osatzen dira.