Maialen Chourraut Europako Txapeldun, Leipzigen

jon-altuna-egitegi 2015ko eka. 1a, 13:57
Kirolari lasarteoriatar bat aupatu zen atzo Leipzigeko (Alemania) podiumeko koska gorenera. Kontinenteko ur bizietako slalom txapelduna da Maialen Chourraut, K1ean. Herritarrak urrea jantzi zuen Markkleebergeko kanalean, 108.09ko denbora eginda. Bigarren Ricarda Funk alemaniarra izan zen 108.52ko markarekin eta hirugarren Katerina Kudejova txekiarra sailkatu zen, 109.30ekin. Lortutakoaz gozatzea tokatzen zaio orain Chourrauti, baina Rio 2016rako bidean buru-belarri sartuta dago jadanik. Ilusioa eta lana, ez dago beste sekreturik.

Nola esnatzen da Europako txapeldun bat?

Ba nekatuta, atzo goizeko 2:30etan ailegatu ginen Alemaniatik, pentsa. Paliza hartuta gaude.

Halako sariek merezi dute ordea neurri honetako paliza, ezta?

Dudarik gabe.

Hotzean, ze irakurketa egiten duzu Europako Txapelketa honen inguruan. Ze esanahi du zuretzat?

Garrantzitsua zen batez ere finalera sartzea Rioko selekzio probei begira bonifikazioa lortzeko. Zirkuitoa oso-oso exigentea zen, tentsio handia egon zen txapelketa osoan zehar. Klasifikatorietan sistema berezi bat dago gainera eta kortea nahiko zorrotza geratzen zen, fase hori pasatzea zen garrantzitsuena. Europan 15 neska daude irabazi dezaketenak eta lehia handia egon zen horien artean sartzeko.

Klasifikatorian ez nuen asko arriskatu nahi izan, finalera sartu nahi bainuen eta halakoetan akats batek kondena zaitzake... Finala zen benetan inporta zitzaidana, bonifikazio bat lortzeko datorren urteko Rioko selekzio probei begira. Jaitsiera hasieran bazegoen trenzoien bat ez zitzaidana askorik gustatzen, hori salbatzea lortu nuen, ondo atera nintzen hortik eta aurrera jarraitu nuen, tokeak ez egiten saiatu nintzen eta horrekin lortu nuen finalera sartzea eta hortik aurrera, gozatzea izan zen egiteko bakarra.

Finala bera ere ez zen erraza izan, segundu erdi baino gutxiagogatik garaitu zenuen Ricarda Funk asteburu osoan aurretik izan zenuen emakumea.

Oso zaila zegoen. Ricarda Funk izan zen manga guztietan onena, dudarik gabe, baina finalean pixka bat huts egin zuen eta horri esker irabazi nuen, ez nuen inondik espero. Funk etxean zegoen, zaleen aurrean, bere kanalean.

Eta hor atera zuen Maialenek irabazteko grina, gosea… Nahi duzun bezala deitu.

Finaletan atakatzea beste erremediorik ez dago, beste mangetan arriskatzea arriskutsua izan daiteke, baina finalean… Topera.

Disfrutatu egin nuen, izugarri gainera. Egia da toke txiki bat eduki nuela eta denbora pixka bat galdu nuela jaitsieran… Baina iritsi eta besteak helmugan sartu ahala ni baino denbora mantsoagoak egiten ari zirela ikustean… Ez nuen espero... Europako Txapeldun nintzen. Opari polita, oso polita izan zen, irabaztea asko gustatzen zait, badakizu.

Zein izango dira zure hurrengo erronkak?

Munduko Kopako probak, bertan ere Riorako bonifikazioak egongo direlako jokoan. Datorren astean Londresera noa, igandean, Munduko Txapelketei begira entrenatzera. Astebete Seun pasako dugu ondoren eta Krakovia eta Litovskiko Munduko Kopako probak lehiatuko ditut.

Erdietsi berri duzun kontinente mailako lehen txapel hau nori eskaintzen diozu?

Laguntzen nauten guztiei, eta asko dira. Jende asko dago nire atzean. Familia, Xabi, Ane, Rakel, lagunak, jende asko animatzen, laguntzen, nire karreran parte-hartzen. Oso eskertuta nago.

Apirileko elkarrizketa: "Ez dakit zer gustatzen zaidan gehiago, piraguismoa ala lehia bera, konpetizioa"