Jantzi tradizionalen ikastaroko fruituak

Txintxarri Aldizkaria 2014ko azaroaren 27a

Jantzi tradizionalen ikastaroa bukatu da gaur. Urri hasieratik aritu dira jantziak sortzen hamabi bat ikasle, ostegunero, Emakumeen Zentroan. Ione Artolak egin ditu irakasle lanak. Ikastaroa bukatzearekin batera, egindako lana erakutsi dute hainbat ikaslek gaur arratsaldean, Emakumeen Zentroan bertan. Egindako lanak erakutsi ahala kide eta irakasleen lausenguak jaso dituzte egileek, argazki mordo bat ateratzearekin batera. Ia bi hilabeteetako fruituak jaso eta erakutsi dituzte jantzi tradizionalen ikastaroan aritu diren ikasleek.

Hazia erein, ureztatu eta tentuz zaindu ostean, egindako lanaren fruituak jasotzeko ordua izan ohi da. Antzeko zerbait egin dute gaur jantzi tradizionalen ikastaroko ikasleek: bi hilabetez jantziak egiten jardun ostean, egindako lana erakutsi dute, Emakumeen Zentroan. Bukatutzat eman dute horrela ikastaro hori.

Urri hasieratik ostegunero bildu izan dira 12 bat ikasle Emakumeen Zentroan. Ione Artola izan dute irakasle. Ikasle bakoitzak etxetik ekarritako materialarekin, euren familia, lagunentzako...jantziak eta osagarriak egin dituzte.

Urrian bertan Ane Albisuk emandako hitzaldi-tailerra ere egin zuten, jantziak diseinatu eta egiterako orduan erreferentzia gisa erabili dutena ikasleek.  

Jantzi tradizionalak egiten ikasteaz gain, euskararen erabilera ere sustatu dute. Ikasleen artean egon dira Solaskide egitasmoan parte hartzen ari diren pertsona batzuk, eta ikastaro hau baliatu dute euskara praktikatzeko. Antolatzaileek nabarmendu dute “oso ona” izan dela esperientzia, eta datorren urtean errepikatzeko asmoa azaldu dute.

Irudi batzuk bildu ditu Txintxarrik eta argazki galeria sortu, ikasleek erakutsitako jantzi tradizional batzuekin. 

Titare talde iraunkorra
Esperientziarekin pozik gelditu eta datorren urtera arte itxaron nahi ez duenak izena eman dezake Titare taldean. Urtarrilean jarriko dira martxan, Ione Artolaren gidaritzapean baita ere. Ostegunetan izango dira saioak, arratsaldeko hiruretatik bostetara. Euskaraz aritzeaz gain, herriko taldeentzako (Kukuka, Ttakun...) zein ikasleek nahi dutenentzako jantziak sortzeko aukera izango dute. 

Interesa duen edonork Ttakunen bulegoan bertan eman dezake izena, edo bestela 943 37 14 48 telefonora deitu dezake.