'NEURE KABUZ'

Noiz amaituko ote da?

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Yarza Artola 2021ko uzt. 23a, 08:00

Egunero nabil mikrofonoa eskuan, jendeari galderak egiten, kontatu nahi duena entzuten, erantzun esanguratsuak bilatzen… Irratia piztearen tankerakoa da hondartzara etorri eta inguruan ditudan pertsonei erreparatzea. Eguzkitan etzan, isildu eta belarriek hamaika frekuentzia sintoniza ditzakete.

Oporraldia, liburuak, parranda... uda giroko hizketaldirik ez da falta. Lana, alokairua, fakturak... eguneroko kezka iturri diren gaiak ere ez. Nerabe lotsatiak ez du amarekin paseatzera joan nahi, lagunek harekin ikusiko dutelakoan. Bien bitartean, amonarekin bizitzea nolakoa den kontatu dio neska batek besteari, emakumeen duela 80 urteko bizitza eta egungoa alderatu dituzte. 

Begirada altxa eta irribarretsu ikusi dut jende andana, haize epela eta ur freskoa euren alde. Pasa den uda hasierako argazkiaren antzekoa da begi aurrean dudana, ia inork ez darama maskararik, ez hondar artean, ezta asfalto gainean ere. Eguzki eta itsas zaleen soslaia lagun, iritsi da ilunabarra. Behin autobus berdea zena hartu eta errepide nazionalean egin dut bidea, kostaldetik barnealdera.

Etxera heldu, telebista piztu eta goitik behera aldatu zait aldartea. Kolpez desagertu da oasia. Kutsatzeak, ospitaleratzeak, heriotzak, neurri murriztaileak... Azken urte eta erdian ez dugu besterik izan. Noiz amaituko ote da? Hemen segituko dugu, zain.