'NEURE KABUZ'

Eguzkiaren irribarrea

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Yarza 2021ko mar. 26a, 09:30

Ekaitza dator eta uste dut luze joko duela, barealdia heldu bitartean. Leihoaren beste aldera begiratu dut. Euria ari du goitik behera eta laino beltzek argi izpiak estali dituzte. Bat-batean, trumoi baten hotsak dardara eragin du sukalde hotzean. Lurrera jausi da mahai gaineko katilua. Goraino beteta zegoen eta mila zatitan apurtu da.

Egonezinak bultzatuta, etxetik irten naiz eta euripean murgildu, enbataren bihotzera iritsi nahian. Ustekabean, haize ufada bortitz batek astindu nau. Boladak dira eta joan etorrian dabiltza, gora eta behera, ezker eta eskuin, karrusel baten antzera. Abenturak dibertigarria zirudien hasieran, baina buruhauste bilakatu da berehala. Poza eta tristura, lasaitasuna eta ezinegona, konfiantza eta izua. Denetarik senti dezaket haizeak gorputza goitik behera kolpatzen didan bakoitzean.

Euri jasa geroz eta indartsuagoa bilakatu da, lokatz artean irrist egin dut birritan eta lurrera erori naiz. Beldur naiz, ekaitza ez ote den nire inguruan betirako geratuko. Une horretantxe bistaratu dut zeruko ostartea. Giroa baretzen hasi da eta etxerako bidea hartu dut, pauso lasaian. Atarira heltzean, eguzkiaren irribarrea sumatu dut nire gainean. Zapata eta jantzi bustiak erantzi, haize epeletan lehortzen utzi eta isilpean sartu naiz sukaldera. Atea irekita utzi dut, eguzki izpiak barruraino sar daitezen.