'NEURE KABUZ'

Nahi eta ezin

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Yarza 2021ko urt. 22a, 08:00

Harremanak murriztu, neurriak zorroztu… etxetik lanera eta lanetik etxera. Gomendioa zen hasieran, baina betebehar bilakatu da pixkanaka. Ia ohartu gabe barneratu ditugu duela urtebete data hauetan imajinaezin egingo zitzaizkigun jokamoldeak. Baina haietara egokitzen hasi garenerako heldu izan dira arau berriak eta itzuli gara berriz ere hasierako puntura.

Martxotik hona gauza asko ikasi ditugu, hori diote ordezkari instituzionalek. Baina batek baino gehiagok galdetzen dio bere buruari ea ez ote garen marmotaren egunean bizi. Egunak, asteak eta hilabeteak igaro arren, puntu berean egotearen sentipena gailendu da askoren artean, behin eta berriz harri beraren gainean estropezu egitearen irudipena.

Etxera hamarretan, zortzietan ala seietan? Bizitza denontzat da gogorra ezjakintasunaren mamua etengabe gainean dugunean, are gehiago euren ogibidea besteen denbora librean oinarritzen dutenen pertsonentzat. Esaterako, kulturgileen ekitaldi gehienak behin eguneko lanaldia amaitzerakoan gozatu ohi ditugu. Entretenitzeko, elikatzeko… eta ihes egiteko. Horregatik da horren gogorra sektorea alerta gorrian, ataka larrian ikustea.

Egokitzeko gaitasuna omen da gizakiaren bertute nagusietako bat, baina jendearen pazientziak muga bat du. Kalean hotz egiten duen bitartean, gorputz barneko tenperatura geroz eta beroagoa da. Txertoak sua baretu du nolabait, baina kostako da garrak amatatzea. Askotan esan digute: “Honekin bizitzen ikasi beharko dugu”, baina egokitzapen orok ditu bere mugak eta beharrezkoa da gure altxorrak zaintzea. Izan ere, gehiegi desitxuratuz gero, altxor batzuek euren balioa gal dezakete.