Eta galdetzen diot neure buruari ea zentzuzkoa ote litzatekeen espainiar bati galdetzea zergatik kantatzen duen gaztelaniaz, edo ingeles bati zergatik ingelesez. Eta pentsatzen dut fonetikan, hizkuntza handi edo txiki, bakoitzak berezko dituen soinu eta doinuetan, parekorik ez duten entzumen-altxorretan. Eta nola hizkuntza bakoitzak ematen digun giltza unibertso kultural berri bat ireki eta ezagutzeko, gure burua aberastu eta besteak hobeto ulertzeko. Eta burura datorkit Alien Weaponry taldea, metal musikaren zirkuituan berriki sekulako sona lortu duen Zeelanda Berriko hirukote gaztea. Maorieraz kantatzen dute. Ezin Berri Txarrak ahaztu, euskaraz egin dute bidea mundu zabalean. Eta lehen mailako ekoizleek eskertu izan diete euren hizkuntza propioan kantatu izana, beste bat imitatzen ahalegindu ordez.
Badirudi gure burua etengabe justifikatu behar dugula, hizkuntza gutxitu batean aritzeagatik. Baina Su Ta Gar aitzindariek esan zuten moduan: “nik aspaldi egin nian aukera”. Jaio naiz, hezi naiz eta bizi naiz. Euskaraz. Kantatu nahi dut, sortu nahi dut, aske izan nahi dut. Euskaraz.