ESKUALDEA

Beterri-Buruntza Digitala egitasmoak ETEentzako doako trebakuntza ibilbide pertsonalizatua jarriko du abian urtarriletik aurrera

Erabiltzailearen aurpegia Beterri-Buruntza Mankomunitatea 2025eko abenduaren 24a

Beterri-Buruntzako enpresa txiki eta ertainen eraldaketa digitala sustatzeko helburuarekin, prestakuntza saio praktikoak emango dituzte.

Beterri-Buruntzan jarduten duten enpresa Txiki eta Ertainentzako (ETE) digitalizazioari buruzko trebatze ibilbide espezializatu bat jarriko dute martxan Beterri-Buruntza Digitala programaren baitan. Ekimenaren xedea da enpresei merkatuaren egungo errealitatera egokitutako ezagutzak eta tresnak eskaintzea, beren digitalizazio prozesuak modu eraginkorrean ulertu eta planifikatzeko oinarrizko gaitasunak eskuratu ditzaten.

Trebatze ibilbidea ikuspegi praktiko batetik diseinatu dute, ETEen benetako beharrak eta erronkak abiapuntu hartuta. Horretarako, parte hartzaileek aholkularitza espezializatu batek emandako prestakuntza jasoko dute, ikuspegi didaktiko batetik; prestakuntza hori doakoa eta pertsonalizatua izango da, enpresa bakoitzaren egoerara eta heldutasun digitalaren mailara egokitua.

Programaren bidez, parte hartzen duten enpresek eraldaketa digitalari lotutako funtsezko gaitasunak eskuratuko dituzte; besteak beste, estrategia digitalaren definizioa, prozesuen digitalizazioa, tresna digitalen erabilera edo merkatu ingurunera egokitzeko gaitasuna indartzea. Ildo horretan, adimen artifiziala edo automatizazioa bezalako gaiak ere landuko dituzte prestakuntza saioetan.

Trebatze ibilbidearen data zehatzak tokia erreserbatu ondoren jakinaraziko dituzte eta interesdunek inolako konpromisorik gabe izena eman ahalko dute: TOKIA ERRESERBATU

Informazio gehiago jasotzeko, enpresa@beterriburuntza.eus helbidera idatz dezakete interesdunek edo 943 24 45 23 zenbakira deitu.

Ekimen hori Beterri-Buruntza Digitala programaren baitan kokatzen da; ETEen lehiakortasuna, berrikuntza gaitasuna eta jasangarritasuna indartzeko estrategiaren barruan. Programa horrek jarduera eta baliabide gehiago ere aurreikusten ditu enpresek beren eraldaketa digitalaren garapenean sakontzen jarraitzeko aukera izan dezaten.