Udako oporren ostean "indarberrituta" itzuli dira Kriseilu Gazte Langileen Asanbladako kideak eta Gaztelekuan asanblada irekia egingo dute gaur arratsaldean, hilak 25, 18:00etatik aurrera. Ikasturte berria martxan jarriko dute: "Denon artean jarduerak zein egitarauak proposatuko ditugu eta politikoki antolatzen nahiz saretzen jarraituko dugu". Hori horrela, herriko gazte oro animatu dute bilerara bertaratzera.
Itaia eragileko kideek manifestazioa antolatu dute gaur arratsalderako, hilak 25, Okendo plazan, 19:30ean. Sexu esplotazioari aurre egitea eta aski dela esatea dira mobilizatuko direnen helburuak. Ertzaintzak berriki zabaldutakoaren arabera, adingabe bat prostituitzera behartua izan zen eta 57 urteko gizon batek ustez erasotu zuen. Gertakari horren harira ikertzen hasi eta deskubritu zuten 18 urtez azpiko pertsona hori erabilia izan zela lehen ere diruaren truke sexu topaketak izateko. "Enkontru horiek adingabearen bi familiartekok antolatu zituzten, eta haiek errazten zituzten kontaktuak eta haietako batek eramaten zuen adingabea haren ibilgailuan", zehaztu dute poliziek. Ikerketapean zituen bi pertsona helduak, 43 urteko gizon bat eta 32 urteko emakume bat, berriki atxilotu dituzte ertzainek eta, agintari judizialen eskuetan jarri ostean, epaileak ebatzi du behin-behinean biak espetxeratzea. Gertatutakoa arbuiatzeko manifestaziora bertaratzeko deia egin dute Itarako eragileek: "Sexu esplotazioari aurre egin! Aski da", aldarrikatu dute.
Euskal preso, iheslari eta deportatuen alde manifestatuko dira Lasarte-Oriako Sare eragileko kideak eta deialdiarekin bat egiten duten herritarrak.
Oiartzunen dagoen Soinuenea Herri Musikaren Txokoa museoko instrumentu ugari jarri dituzte ikusgai. Sarrera doakoa da, eta ordutegia, hauxe: 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Azken egunean, hilaren 27an, goizez bakarrik.
Errenterian dagoen Jantziaren Zentroa-tik ekarri dituzte gizonezkoen zein emakumezkoen jantziak. Sarrera doakoa da, eta ordutegia, hauxe: 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Azken egunean, hilaren 27an, goizez bakarrik.