Ibilgailu klasikoei ematen zien hobaria ezabatzea erabaki zuen Lasarte-Oriako Udalak eta mota horretako automobilen jabeek haserre jarraitzen dute. Clasicos Lasarte-Oria eragilea sortu zuten egoera hori gizarteratu eta protesta egiteko asmoz eta talde hori osatzen dutenek iragarri dute ekimen bat aurrera eramango dutela urriaren 6an, igandearekin, erakundea beraietaz gogora dadin. Gauzak horrela, Hipodromoan elkartuko dira 11:00etan eta auto klasikoak erakutsiko dituzte bertako aparkalekuan, ordubetez. Ondoren, motorrak piztu eta ibilaldi bat egingo dute herritik.
Biyak Bat zaharren egoitzako kideek Adinekoen Omenaldi Astea aurrera eramango dute, udalarekin elkarlanean. Hau da egun honetarako iragarri dituzten jarduerak: 12:00etan, meza San Pedro elizan. 14:00etan, bazkaria Michelingo kirol guneko tenis pistan. Ondoren, dantzaldia Trio Galea taldearen eskutik.
Sarrerek 4 euro balio dute.
Jalgi kafe antzokian jarri ditu ikusgai Maria Jesus Etxeberriak Gipuzkoako zenbait herritan ateratako argazkiak; paisaiak ikus daitezke irudietan. Esposizioa ikustera bertaratu nahi dutenek urriaren 15era arteko epea dute.