Egitarauari ekiteko, kontaktuko kiroletan murgiltzeko eskola eman du Estoucha Borroka taldeak. Aurten sortutako multzoa da Estoucha. Andoaingo gazte talde batek jarri zuen martxan, autodefentsa modu unibertsalean, doakoan eta kalitatezkoan lantzeko asmoz.
Beroketekin abiatu dute saioa, gerora, boxeoarekin eta kickboxaren inguruan aritzeko. Lagun mordoa bildu da, eta giro ederrean ekin diote eskolari, Mitxelingo frontoiean elkarturik.
Emakumeen auzia hizpide
Hitzaldirako tartea egin dute. Orotara, planteatu dute indarkeria matxista ez dela fenomeno indibiduala, baizik eta, arazo estrukturaletik baduela, emakumezkoek jasandako "zapalkuntzaren adierazpenik bortitzenetakoa" delako. Hori dela-eta, gaineratu dute euren asmoa "emakumeak mendeko posizioan kokatzen dituen baldintza materialak, ekonomikoak eta sozialak" aztertzea dela.
Asmo horri jarraiki, azaldu dute emakume langileen zapalkuntza nola gauzatzen den, gizarte kapitalistan. Horretarako, baldintza materialei buruz aritu dira oinarri ekonomikoak eta sozialak omen dituelako zapalketa horrek: lan prekarioak, soldata baxuak, zaintza-lanen zama desorekatua eta etxebizitza eskuratzeko zailtasunak.
Ondoren, egungo testuinguruaz mintzatu dira, hots, diskurtso erreakzionarioen eta indarkeria berrien gorakadaz; emakumeen objektualizazioari buruz eta sare sozialen rolaz.
Segidan, erantzun instituzionalaren mugen inguruan hausnartu dute. Aitortu dutenaren arabera, neurri instituzionalak eta baliabideak lagungarriak izan daitezkeen arren, ez dira "nahikoak" arazoaren oinarria desagerrarazteko.
Bukatzeko, defendatu dute antolakuntza eta borroka kolektiboa direla indarkeria matxistari aurre egiteko irtenbidea, baita zapalkuntza kudeatu beharrean, hura amaitzea dela helburu.