Mirentxuko aretoan jokatu da aurtengo Imanol Lizardi Bertsolari Gazteen Saria; hirugarrena. Aretoa leporaino bete dute senideek eta lagunek. Bertako paretak ere atondu dituzte euren hurkoak animatzeko asmoz egindako pankartekin. Bien bitartean, ondoko gela batean izan dira sei bertsolari gazteak; urduri, bertsotan aritzeko irriketan. Sala nagusiaren atzekaldean, saioko lau epaileak kokatu dira euren boligrafoak eta koadernoak esku artean zituztelarik, bertso oro entzuteko prest. Irati Martinez aritu da gai jartzaile lanetan.
Orotariko neurriko bertsotan aritu dira bertsolariak, banaka edota binaka. Agurrarekin ekin diote saioari. Den-denak gogotsu agertu dira, gogotsu kantuan aritzeko eta Arakistainek esandakoaren arabera, "euskaldun gazteen indarra" erakusteko prest.
Jarraian, binaka abestu dute; zortziko handian eta txikian, hain zuzen. Askotariko gaien bueltan ondu dituzte bertsoak. Besteak beste, igandeko, azaroaren 29ko hauteskundeen gainean mintzatu dira eta lagunen artean dirua uztearen inguruan. Hitz joko politak egin dituzte, eta kreatibitate horri helduta burutu dute puntuari erantzuna ariketa, baita honako hitz hauetatik partitutako bertsoei ere: itsasoa, deia, alarma, eta abar.
Lehen zatiarekin amaitzean, epaileek euren puntuak batu, eta buruz burukorako klasifikatuak nortzuk izan diren deliberatu dute. Deskantsatzeko tarteaz baliaturik, berriketan aritu dira bertsolari gazteak, lagunei egindako ariketa finak goraipatzen. Publikoak gauza bera egin du bere aldetik, euren bertsorik gustukoenak talde txikian gogoratuz. Klasifikatuen izena aitortzeko, notatxo bat pasa dio Earra Bertso Eskolako Lierni Rekondok Martinezi. Adei Urbitarte eta Iradi Barrenetxea lehiatu dira, buruz burukoan.
Hamarreko txikian hiruna bertso bota dituzte Urbitartek eta Barrenetxeak. Bakarkakoan bi kantatu dituzte. Saioan zehar erakutsitako abileziarekin aritu dira biak ala biak, baina Urbitartek irabazi du aurtengo Imanol Lizardi Bertsolari Gazteen Saria. Hori dela-eta, 400 euroko bonoa eskuratu du gazteak; Barrenetxeak, aldiz, 200 eurokoa. Gainerako partaideek oroigarri bana eraman dute etxera.
Saioarekin amaitzeko, azken agurra kantatu dute sei bertsolariek. Datorren urtean bueltatzeko gura erakusteaz gain, senideei eskerrak emateko beta ere aprobetxatu dute. Gozozaleenek ondorengo luntxari ekiteko nahia adierazi dute. Mokadu "earrek" osaturiko gutizien menua dastatuz, giro ederrean amaitu dute Imanol Lizardi Bertsolari Gazteen III. Sariketa.