Lanean jarraitzeko konpromezuan berrestu dira

Txintxarri Aldizkaria

Azaroaren azken ostiralarekin batera antolatu dute mobilizazioa Sare Herritarrak eta Etxeratek. 

Azaroko azken ostiralarekin batera antolatu dute mobilizazioa Sare Herritarretik eta Etxeratetik. Ohiko legez, herritar mordoak bat egin du hitzorduarekin. 

San Pedro elizatik abiatu eta Okendo plazara ailegatu dira Sare Herritarrak eta Etxeratek antolatutako elkarretaratzearekin bat egindako lasarteoriatarrak. Enparantzara iristean, hileko manifestua irakurri dute. 

Azaldu dutenez, entzutegi nazionaleko fiskaltzak argi utzi du "iraganeko agertokiak" berriro ere indarrean jartzeko nahia, azken asteotan. Horren erakusletzat eman dituzte euskal presoen gaineko "gradu erregresioak". Hartutako erabaki horiek ez dituzte ontzat eman Sare Herritarretik eta Etxeratetik uste baitute elkarbizitza agertokien eraikuntza oztopatzen dituztela. 

Horrekin batera, gaineratu dute "erabakigarriak" izango direla datozen egunak, eta ezinbestekoa izan beharko duela biolentziaren biktimen "errekonozimenduan eta aitortzan" urratsak ematen jarraitzea; euskal presoen, iheslarien eta deportatuen etxerako bidearen auziarekin batera. 

Urtarrilaren 9an Bilbon egindo dute manifestazio nazionala gogoratzeko ere baliatu dute hileko hitzordua. Aipatu dutenaren arabera, azken manifestazioa izan beharko luke, oraindik emateko pausoak gainditzearen erakuslerik argiena litzatekeelako mobilizazioekin amaitzea. 

Hori dela-eta, adierazi dute jende mordoa gerturatzea nahi dutela. "Euskal gizartearen gehiengoaren nahia" kalera aterako dute, eta horrekin batera, "sufrimenduak gainditu eta behingoz bakean biziko den Euskal Herria irudikatu". Hori gabe ezinezkotzat jotzen dute "oraindik behintzat" elkarbizitza agertokietara jauzi egingo duen euskal gizartea imajinatzea.