Buruntzaldea IKTko gaztetxoak, lehiaz lehia prestakuntzan aurrera

Txintxarri Aldizkaria

Benjaminek denboraldiko lehen jaialdiari aurre egin zioten Tolosan. Arg.: Buruntzaldea IKT.

Buruntzaldea IKTko alebin eta benjamin mailako kideek hitzordu bikoitza izango dute hilaren 21ean, Andoaingo Allurralde kiroldegian

Taldeko txikienak izango dira lehenak uretara jauzi egiten, 2018 eta 2016 urte artean jaiotako kirolariek, Benjamin Jaialdiko 2. jardunaldiaz gozatuko dute. Besteak beste, 25 m. edo 75 m. bizkar eta estilo bereko hanken 6x25 m. erreleboari egingo diote aurre. Azken hori gainerako talde guztietako igerilariekin nahastuta egingo dute. Horrez gain, 2016 urtean jaiotako gazteek bizkar erako 150 metrotako proba egiteko aukera ere izango dute eta amaitzeko, 4x50 m. libre errelebo mistoa izango da.

Eta aurreko saioa amaitu ostean, alebinen txanda izango da. 2014 eta 2015 urtean jaiotako igerilariek Ligako 3. jardunaldia lehiatuko dute eta Buruntzaldea IKTko bederatzi kidek parte hartuko dute bertan.

Lanaren fruitua

Hilaren 8an, aldiz, igeriketa taldeko gaztetxoak Tolosan izan ziren igerian. Alebinei dagokienez, Ligako bigarren saioa lehiatu zuten. Denboraldia hasi berri egon arren, lanaren fruituak jasotzen hasi dira. Nora Becerrak, Leire Lopezek eta Oier Perezek, 200 m. lau estilo proban lortutako markarekin, Udarako Gipuzkoako Txapelketan parte hartzeko gutxienekoa lortu zuten. "Lanaren bitartez hobekuntzak ikusten ari gara eta garapen handia izan dugu, autonomia eta konfiantza garatuz", adierazi dute taldeko arduradunek.

Benjaminek aldiz urteko lehen saioa izan zuten eta batzuk estreinakoz egin zuten igeri jendaurrean. Prestatzaileek azaldu duten moduan, "urduri samar zeuden guztiak, hala ere, ausardia osoz ekin zieten euren probei".

Alebinen mailako igerilariak, bigarren jardunaldia hasi baino lehen. Arg.: Buruntzaldea IKT.