Jubenil mailako taldeak lehiaketa denboraldi hasiera ederrari jarraipena eman nahi zion Aldapeta Maria Orlegiaren aurka. Kopako neurketarik ez du galdu Ostadarrek eta oraingoan ere ez zuen hutsik egin; 3-0 (25-10, 25-19 eta 26-24) irabazi zuen.
Eskuratutako emaitzei esker, A multzoko lehen postuan dago gazteen taldea eta Kopako azken fasea jokatzeko aukera handiak ditu. Multzoetako lehiaren azken jardunaldian bigarren sailkatua den Goierriren aurka neurtu beharko ditu indarrak.
Ordu batzuk lehenago, infantil partaidetzako A eta B taldeek kantxa partekatu zuten. Mihisearen alde batera Tolobolei A izan zuen aurkari Ostadarreko A ordezkariak eta Bak, aldiz, Aiztondo Neskide KT; txanponaren bi aldeak bizi izan zituzten.
A ekipoen lehian, Tolosako taldeak aurre hartu zuen bi set irabaziz, 14-25 eta 13-25. Etxekoek ez zuten amore eman, ordea eta hirugarrenean 25-16koa egin zuten. Tamalez laugarren zatian tolosarrek, berriro, jokoa bereganatu eta 10 eta 25eko emaitzarekin garaipena lortu zuten.
Emaitza bera, baina etxekoen aldekoa izan zuen B taldeak; urdin-beltzek 3-1eko (25-7, 24-26, 25-13 eta 25-19) markagailuarekin garaipeneko puntuak eskuratu zituzten.
Lehen garaipena
Euskal Ligako ordezkariek, bestalde, Bilbon (Bizkaia) eta Tolosan izan zituzten hitzorduak.
Tolosatik iritsi zen berririk pozgarriena. 2. mailako taldeak denboraldiko lehen garaipena erdietsi zuen.
Toloboleik aurre hartu zuen lehen setean (25-20), baina herritarrek ongi eman zioten itzulia neurketari eta hurrengo hiru zatietan 16-25, 21-25 eta 23-25 emaitzei esker, neurketa irabazi zuten.
Madre de Dios Deustuko Unibertsitatearen aurka jokatu zen lehen taldeak. Lehia estua izan zen. Nahiz eta urdin-beltzek lehen seta (20-25) irabazi, bilbotarrak hurrengo bietan nagusi izan ziren (16-25 eta 21-25). Laugarren setean 21-25ekoa lortu zuen Ostadarrek eta bosgarrenean erabaki zen garailea; urdin-beltzak 12-15 gailendu ziren.