AZAROAK 25

"Gaitzespenetik harago begiratzeko" aldarria egin dute eguerdiko elkarretaratzean

Txintxarri Aldizkaria

Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna da gaur, Azaroaren 25a. Hori horrela, Lasarte-Oriako Udalak deitutako elkarretaratzean parte hartu dute hainbat herritarrek. Adierazpena irakurri dute lehenik eta zenbait minututako isilunea egin dute gero plazan bildutakoek

Emakumeen aurkako indarkeriari ez lelodun afixa erakutsi dute gaur eguerdian Okendo plazako elkarretaratzean bildutako herritarrek. Eguraldi hotz eta euritsua medio, udaletxeko arkupeetan babestu dira bertaratu direnak. Espazio hori more koloreko zenbait borobil formako informazio panelez bete dute; indarkeria matxista kasuen gaineko informazioa erakusten dute, Izan dira emakumeen aurkako indarkeria salatzeko zapiak, elastikoak eta bestelako osagarriak jantzi dituztenak ere. 

Agerraldiari hasiera emateko komunikatu bat irakurri dute Lourdes Acevedo eta Ainara Elicechea zinegotziek; gaztelaniaz egin du lehenak eta euskaraz, berriz, bigarrenak. Ostean, isilunea egin dute, eta txalo artean eman diote amaiera gero elkarretaratzeari.

AZAROAK 25eko ADIERAZPENA, EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA DESAGERRARAZTEKO NAZIOARTEKO EGUNA DELA ETA

Azaroak 25 - Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta, euskal udalok,  gizarte ikuspegitik erantzun behar dugun hausnarketa helarazi nahi diegu herritarrei: Emakumeen aurkako indarkeriak giza eskubideen urraketa izaten jarraitzen du, eta gizarte osoari eragiten dio. Hori desagerrarazteko, erakundeek, gizarte-erakundeek eta gure komunitatea osatzen dugun kide bakoitzak ere konpromisoa hartu behar dugu.

Horregatik, azaroaren 25eko honetan, errealitate horren aurrean gure zeregina zein den galdetzeko deia egiten dugu, gaitzespenetik harago begiratzeko. Non gaude emakume batek laguntza behar duenean? Non gaude iraintzen, kontrolatzen edo gutxiesten dituzten portaerak ikusten ditugunean? Non gaude isiltasunak, axolagabekeriak edo normalizazioak desberdintasuna eta indarkeria iraunarazten laguntzen dutenean? Non gaude gure sare sozialen bidez irudi edo mezu misoginoak iristen zaizkigunean?

Emakumeen aurkako Indarkeria matxistarik gabeko gizartea eraikitzeko, inplikazio aktiboa eta egunerokoa behar da. Ez da nahikoa indarkeria arbuiatzea argi eta garbi agertzen denean,. Beharrezkoa da errespetuan eta berdintasunean oinarritutako harremanak sustatzea, hari eusten dioten jokabideak zalantzan jartzea, diskurtso misoginoen aurrean isiltasuna haustea eta negazionismoari aurre egitea, biktimei laguntzea eta, esparru guztietatik, indarkeria matxistarik gabeko inguruneak sortzen laguntzea.

Indarkeria matxistaren aurrean ez dago neutraltasun egoera posiblerik; ez begiratzeak, ez erreakzionatzeak edo isilik geratzeak ere baditu ondorioak. Horregatik, herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu aurrera pauso bat ematera: entzun, lagundu eta sostengatzera; interesa agertzera; emakumeen aurkako edozein indarkeria-mota prebenitzeko eta eragozteko jardutera.

Udalok, herritarrengandik hurbilen gauden erakundeak izanik, gure udalerrietako auzokide guztien konpromiso partekatua sustatu nahi dugu,  emakumeen aurkako indarkeria matxistaren edozein adierazpenen aurrean jarduteko.  Herritarrak gonbidatzen ditugu jarrera bat hartzera eta konponbidean parte izatera  , erantzukizun pertsonaletik eta kolektibotik abiatuta. Horrela bakarrik aurrera egin ahal izango dugu gizarte bidezkoago, berdinzaleago eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko baterantz.

Eta horretarako, konpromiso hauek hartzen ditugu:

  • Indarkeria matxistaren forma guztien aurrean herritarrak sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko kanpainak garatzea.
  • Indarkeria matxistako egoeren aurrean, erantzun publikorako eta herritarren mobilizazioetarako dispositiboak artikulatzea.
  • Indarkeria matxistako kasuen aurrean, herritarrek egiten dituzten salaketak eta alertak bideratzea, eta egoera bakoitzean erantzun egokiak aktibatzea.
  • Haur eta nerabeei zuzendutako hezkidetza-programak garatzea, berdintasunean hezten eta indarkeria matxista prebenitzen laguntzeko.
  • Herritarren sareak aktibatzea, indarkeria matxistari aurre egiteko/antzemateko, biktimei laguntzeko, eta, bereziki, mutilak eta gizonak mobilizatzeko