AZAROAK 25

"Ez dugu baimenik eskatu behar libre izateko"

Txintxarri Aldizkaria

Dozenaka ikaslek eta irakaslek bat egin dute Oriarteko Ikasle Asanblada Intersekzionaleko kideek gaur goizean egindako elkarretaratzearekin. "Dagozkigun eskubideak aldarrikatzeko elkartu gara Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunean. Emakumeok asko sufritu dugu eta sufritzen jarraitzen dugu, nahiz eta batzuk hori ulertu nahi ez duten", adierazi dute. Andreenganako indarkeria "gizarte osoaren arazoa" dela azpimarratuta, "nahikoa" dela ozen oihukatu dute. Oriarte Landaberri zentroan ere kontzentrazioa burutu dute.

Aldarrikapenerako eta protestarako eguna izanagatik, "biktimak zenbatzen jarraitzekoa" ere badela salatu dute ikasle asanbladako kideek. "Aurten 44 hildako erregistratu dituzte Espainiar Estatuan, eta Euskal Autonomia Erkidegoan 4.814 emakume izan dira biolentzia matxistaren biktima". Datu horien aurrean, Oriarte Larrekoetxeko patiora irten eta emakumeen eskubideak aldarrikatu dituzte, Ez dugu baimenik eskatu behar libre izateko A25 lelodun afixa erakustearekin batera.

"Ahotsa altxatzeko" baliatu dute elkarretaratzea: "Isilarazita dauden emakumeengatik, beldurra sentitzen dutenengatik, indarkeria egoeretatik ateratzeko egunero borrokatzen dutenengatik eta isilean sufritzen ari diren guztiengatik". Horri lotuta, ez dituzte loreak edota minutuko isiluneak nahi, "indarkeriarik gabeko bizitzak" baizik. "Hitz hutsalak" esateari uztea eta "benetako aldaketak" egitea exijitu diete agintariei: "Nekatuta gaude biktimak kontatzeaz, aitzakiak entzuteaz eta gure beldurrak justifikatu behar izateaz".

Libre izateko baimenik eskatu behar ez dutela berretsita, beldurrik ez dutela eta atzera egingo ez dutela ozen aldarrikatu dute: "Borrokan jarraituko dugu! Gora borroka transfeminista!". 

Oriarte Landaberri ikastetxean ere kontzentratu dira gaur goizean eta gaurko eguneko aldarriekin bat egin dute dozenaka ikaslek nahiz irakaslek.