Xabat Martinek junior mailako Omnium modalitateko Gipuzkoako txapela jantzi du

Txintxarri Aldizkaria

Xabat Martin herritarra, erdian, podiumean Gipuzkoako txapeldun elastikoa jantzita. Arg.: MA Martin.

Gipuzkoako zein Bizkaiako txirrindulari onenak bildu ziren hilaren 21ean Donostiako Antonio Elorza belodromoan; bi lurraldeetako Omnium txapelketak zeuden jokoan. Gipuzkoa lehian hiru herritar izan ziren pistan borrokan eta junior mailan, Danenako Xabat Martinek proba guztiak irabazi zituen

Martinez gain, taldekide Luken Garmendia eta kadete mailan, Andoaingo Txirrindulari Eskolako Dario Gomez herritarrek ere parte hartu zuten lehiaketan. 

Lau probari egin zioten aurre parte hartzaileek: scratch, tempo, kanporaketa eta puntuazioa. Lauetan nagusi izan zen Martin herritarra. 

Azken proban, gainera, nagusiki jardun behar izan zen Danena taldeko kidea; Oriako eta Durangaldeko Bizikleta taldeetako aurkariek itzulia galdarazi nahi izan bazuten ere Lasarte-Oriako kidea tinko mantendu zen lehen postuan eta esprintetan beti izan zen aurrean. Horri esker, 36 gehiago gehitu zizkion eguneko poltsari eta 156 punturekin Gipuzkoako txapelketa eskuratu zuen gazteak.

Maila berean izan zen lehian Luken Garmendia  herritarra ere. Garmendiak, guztira, 53 puntu batu zituen eta 10. postuan sailkatu zen. Eta kadete mailan, aldiz, Dario Gomezek 9. postua eskuratu zuen 68 puntu lortuta. 

Azken maila horretako gazteek ezin izan zuten lehia amaitu. Eroriko bat egon zen emakumezkoen puntuazio proban eta kirolari bat artatu behar izan zuten.

Txapelketaren ostean, txirrindulariek ez diote pista garaiari agur esan, ordea. Hilaren 28an, lurraldeko pistako egutegiari amaiera emango dion Gipuzkoako Sari Nagusia lehiatuko dute eta hortik astebetera, abenduaren 5ean eta 6an,  Euskadiko Sari Nagusia ere izango da Donostiako belodromoan.