Lasarte-Oriako Udala udalerriko argiteria publikoa berritzeko eta hobetzeko proiektuaren bigarren fasea gauzatzen ari da. Lan horien helburua da hainbat kale eta espazio publikotako argiztapena hobetzea, LED teknologiaren bidez energia kontsumoa murriztea eta instalazioen kudeaketa eta mantentze lanak erraztea.
Proiektuak eremu bakoitzaren beharretara egokitutako hainbat esku hartze jasotzen ditu. Besteak beste, ohiko luminariak LED teknologiakoekin ordezkatuko ditu erakundeak, zenbait farola osorik berrituko eta argiztapen nahikorik ez duten guneetan argi puntu berriak jarriko ditu. Horrez gain, gorabeherak hautemateko eta jakinarazteko sistema bat ezartzea aurreikusi du. Sistema horren bidez, luminarietan izan daitezkeen matxuren abisuak zuzenean helaraziko zaizkio dagokion udal sailari, haien jarraipena eta kudeaketa errazteko.
Lanak martxan udalerriko bederatzi eremutan
Bederatzi kale eta eremutan egiten ari dira proiektuaren bigarren faseko lanak: Iñigo de Loiola, Zapategi, Pintore, Urbil merkatalgunera doan bidea (Michelin aldean), Kale Nagusia (zenbaki bikoitien aldean), Donostia etorbidea, Hipodromoa (zenbaki bikoitien aldean), Plazaolarako sarbidea Loiditik, Atsobakar egoitzaren atzealdea eta Pablo Mutiozabal.
Tecuni enpresari esleitu zaizkio lanak, eta 421.837,57 euroko aurrekontua dute; lan horiek 2027 urte hasieran amaitzea aurreikusten du erakundeak
Lehen fasean egindako hobekuntzak
Esku hartze horrek argiteria publikoa berritzeko proiektuaren lehen faseari ematen dio jarraipena. Lehen faseko lanak Geltokin, Uistinen, Somoto parkean, Plazaolan, Brunet parkean, Askatasunan, Zumaburu parkeko bidegorrian eta Pinutegi eta Gaztaintzulo lotzen dituen pasealekuan egin zituen udalak
Esku hartze horiek argiteria publikoko instalazioak eguneratzeko prozesuaren parte dira, argi puntuak hobetutzeko eta energia gutxiago kontsumitzen duten sistemak ezarritzeko.
Datozen lanak
Bigarren fasea amaitu ondoren, hirugarren fase bat abiatu eta udalerriko beste eremu batzuetan argiteria publikoa berritzen jarraituko du udalak. Etorkizuneko esku hartzeetarako aurreikusitako eremuen artean daude Zumaburu, San Frantzisko, Atsobakar, Oria-Zelaialde eta Sasoetako auzoa.
Gaur egun martxan dauden lanekin, erakundeak udalerriko argiteria publikoaren sarea berritzeko prozesuarekin jarraitzen du, energia eraginkortasuna, argiztapenaren hobekuntza eta instalazioen mantentze- anak ardatz hartuta.