Bertsolaritza herritarrei hurbildu eta gazteen artean euskal kulturarekiko interesa sustatu asmoz antolatu dute Ttakun Kultur Elkarteak, Lasarte-Oriako Udalak eta Earra bertso eskolak ekimena. Bertso asteak Lasarte-Oriako kultura eta hezkuntza jardueretan protagonismo berezia hartu nahi duela azpimarratu dute antolatzaileek, eta gaineratu, herriko haur, gazte eta familiei euskarazko sormenaren eta adierazpenaren indarra transmititu nahi dietela.
Hala, oroitarazi dute 2024ko udazkenean aurrera eraman zutela lehen aldiz Imanol Lizardi bertsolari gazteentzako sariketa. Iaz jarraipena eman zioten eta aurten hirugarren edizioa prestatu dute, beste jarduera batzuekin batera. Gainera, Earra! Bertso Eskolak 35 urte betetzen dituela ere ospatu nahi dute eta hori horrela, hiru ekimen deitu dituzte. Saio guztiak irekiak eta doakoak izango direla ere nabarmendu dute ordezkariek.
Sariketa eta bi emanaldi
Hilaren 27an, ostiralarekin, egingo dute Imanol Lizardi Bertsolari Gazteen III. Sariketa. 18:00etan hasiko da, eta Mirentxun aurrera eramango dute. Antolatzaileek esan dute 2024an abiatutako ekimenari jarraipena eman eta etorkizunean plazak beteko dituzten bertsolari gazteen talentua ezagutzeko aukera paregabea izango dela hitzordu hori. Halaber, nabarmendu dute bertsolariak gonbidatzerakoan lurraldetasuna eta genero ikuspegia kontutan izan dituztela. Gauzak horrela, hiru neska eta hiru mutil ariko dira; hiru gipuzkoar, bi bizkaitar eta arabar bat.
Abenduaren 2an, berriz, Landaberri-Garaikoetxeako eta Sasoeta-Zumaburuko LH5 eta LH6ko ikasleentzako emanaldia iragarri dute. Unai Muñoak gidatuko du emanaldia eta Andoni Rekondo eta Eli Pagola arituko dira bertsotan, ikasleak gai-jartzaile izango dituen saio interaktibo eta dibertigarria. Ikastetxeetan lanketa egingo dute saioaren aurreko egunetan eta gela bakoitzak ariketa bat prestatuko du bertsolariek kantuan egin dezaten. Manuel Lekuona Kultur Etxean izango da ekimen hori, 15:15etik 16:15era.
Hirugarren eta azken jarduera, berriz, hurrengo egunean izango da: abenduaren 3an. Aurreko urtetako bertso-poteoaren ordez, Earra Bertso Eskolako bertsolari gazteek beste formatu batean eskainiko duten saioa izango da Jalgi Kafe Antzokian aurrera eramango dutena; 18:30ean izango da hori. Era berean, bertso eskolaren 35 urteko ibilbidea irudietan laburbilduko duen argazki erakusketa ere ikusgai jarriko dutela nabarmendu dute antolatzaileek.