Pentsioen sistema publikoa defendatu dute sozialistek

Txintxarri Aldizkaria

Ezker-eskuin: Eneko Andueza, Elma Saiz, Rafaela Romero eta Jose Ignacio Asensio. PSE-EE GIPUZKOA

Froilan Elespe Herriko Etxean elkartu ziren PSE-EEren dozenaka ordezkari eta jarraitzaile atzo, Espainiako Gorteetarako Hauteskunde Orokorren kanpaina barruko ekitaldia egiteko. Alderdi sozialistaren EAEko idazkari nagusi Eneko Anduezak, kongresurako Gipuzkoako hautagai Rafaela Romerok eta Inklusio ministro Elma Saizek parte hartu zuten. PP alderdia buru duen eskuineko gobernua martxan jartzea "arriskutsua" izango litzakeela nabarmendu zuten, "alderdi sozialistak urteotan egindako hobekuntzak suntsituko lituzkeelako". 

Argi hitz egin zuen Anduezak: "Alberto Nuñez Feijoo-k [PPren presidentegaia da] sakrifizioak egiteaz hitz egiten duenean, pentsiodunak ditu jomugan. Eta garbi esaten diogu pentsioen sistema publikoa ez dela ukitzen, lortutako eskubideak defendatzen dituen herrialde ausarta osatzen dugulako". Hori horrela, hilaren 29ko hauteskundeak "erabakigarriak" izango direla nabarmendu zuen, botoa ematera deituta dauden herritarrek zein herrialde nahi duten erabakiko dutelako: "Betikoei sakrifizioak eskatuko dizkiena edo jendearen eskubideak babesten dituena". Sozialistek "pluraltasuna eta aniztasuna besarkatzen dituen eta aurrera egingo duen Espainia" nahi dutela berretsi zuen.

Sozialisten EAEko idazkari nagusiak, batez ere, pentsioak izan zituen hizpide. Gai horretan sozialistek egindako lanaz harro azaldu zen: "Hilaren amaiera iristen denean eta pentsioak kobratzean nabaritzen dira hobekuntzak. Zortzi urte hauetan batez besteko erretiro-pentsioa % 45 igo delako eta kotizazio gabeko pentsioak, % 65". Pentsio publikoa jasotzearena langileek "egunero irabazitako eskubidea" dela nabarmendu zuen eta iragarri zuen urrats bat gehiago egin nahi dutela horiek hobetzeko bidean: "Espainiako Konstituzioan blindatu egin nahi dugu ordainsari horiek KPIaren arabera handitzea". Horregatik, sistema hori "hautetsontzietan defendatzera" deitu zituen herritarrak.

"Ez dadila inor etxean geratu"

"Bizitza erdia zor diegun eta alargun geratu diren emakumeei, aita edo ama galdu duten gazteei eta lanera joateko goiz jaiki eta pentsioa kobratuko dutela jakin nahi dutenengatik, hilaren 29an ez dadila inor etxean geratu", adierazi zuen Romerok, sozialisten aldeko botoa emateko dei irmoa eginda. "Eskubideak eta pentsioak babestu" egin behar direlako, argi adierazi zuen Pedro Sanchez dela Espainiako presidente izateko pertsona aproposa, ez Feijoo popularra.

Saizek, berriz, gaur egungo presidente Sanchezek aurreratutako albiste ona berretsi zuen, hau da, biharko Ministroen Kontseiluan luzatu egingo dutela bankuen gaineko zerga, "diru bilketan lehenengoak direnek lagun dezaten espainiarre kezka iturri nagusi den arazoa, etxebizitza eskuragarriarena". Zeregin horretara bideratuko dituzte tasa horren bidez biltzea aurreikusten dituzten 1.400 milioi euroak. "Gure helburua jendearen bizitza hobetzea da, PPren eta VOXen gezurren ereduaren aurrean".