Pintxoz pintxo eginiko bidea

Txintxarri Aldizkaria

XII. Pintxo Bidea ospatu du Aterpea Elkarteak, asteburuan zehar. Herriko zazpi establezimenduk parte hartu dute. 

Orotariko ibilbideak egin ditzakete pasiran aritzea gustatzen zaienei. Xacobeoko bidea, kostaldetik eta mendialdetik. Urak markatutakoa Baztanetik barrena. Lasarte-Orian, aldiz, pintxoz osatutako martxa burutu dezakete Aterpea Elkarteari esker, urtean bitan, gutxienez. Asteburu batez ematen dute aukera herriko merkatariek, eta aurtengo kasuan, azken hiru egunek osatu dute XII. Aterpea Pintxo Bidea. 

Herriko honako zazpi jatetxeek parte hartu dute: Herriko Etxea, Arkupe Taberna, Usoak Taberna, Buenetxea, Bar Lasarte, Oria-Txiki Taberna eta Arima Gastrotaberna. Den-denek mokadu goxoak prestatu dituzte. Askotariko osagaiak erabili dituzte horretarako, hau da, kalabaza, arrautzak, masailak, perretxikoak, besteak beste.

Pintxo bana probatu ostean, 1etik 5era baloratzeko aukera izan dute herritarrek jaki bakoitzarekin emandako puntuazio-txartelaren bidez. Horren harira, elkarrizketa biziak eman dira norberaren "faboritoaren" inguruan. Kritikari gastronomikoen plantak egin dituzte lasarteoriatarrek.

Gerora, betetako txartelen artean, guztira 500 euro zozketatuko diea erosketarako bonoetan Aterpeako establezimenduetan gastatzeko.