Semblante Andaluzera ailegatu orduko, usai goxoa zerion egoitzari. Ez da ezohikoa izaten, ederki kozinatzen baitute elkarteko kideek. Dena den, oraingo honetan, hitzordu berezirako preparatzen ari ziren; Bizilagunak elkarteak antolatutako lehen afarirako, hain zuzen. Menuan, Nikaraguako takoak eta Marokoko oilasko-izterrak saltsan olibekin.
Pertsona ugari ziren, sukaldean. Belarria fin izanez gero, askotariko hizkuntzak entzun zitezkeen: euskara, gaztelania, ingelesa eta arabea. Denon artean kozinatu bitartean, giro bikaina.
Gastronomia aparteko tresna izan daiteke elkar ezagutzeko, bestearengandik ikasteko, baita transmisiorako kanal "goxoa" ere. Hortaz oharturik, sukaldaritza tailerra egin zuten, kozinatu bitartean. Horretarako, plater bakoitzaren sukaldariek errezeta esplikatu zieten bertan zirenei. Tentuz entzun zituzten azalpenak, eta galdera asko egitera ere ausartu ziren.
Helduek kozinatu ahala, umeentzako ludoteka prestatu zuten Iria eta Hugo monitoreek, egoitzan bertan. Ederki aritu ziren umeak euren artean jolasean. Gogotik gozatu zuten geroko afari merienda ere. Kozinatutako jakiak dastatu zituzten, helduek baino zertxobait lehenago, eta hori ez ezik, Joxe Mari Agirretxe "Porrotx"-ek egindako tortillak probatu zituzten. Bapo jan ondoren, berriro ekin zioten jolasteari.
Jolasak jolas, pixkanaka-pixkanaka ailegatu ziren otorduko mahaikideak. Guztira 59 lagunek egin zuten bat hitzorduarekin. Mahaikide bakoitzak gainera, afariko platerren errezeta bana jaso zituen.
Menua prest zutelarik, ezezagunen alboan afaltzera animatu zieten anfitrioiek, herrikideak ezagutzeko asmoz. Horrekin batera, jakinarazi zieten mahaikide bakoitzak eginkizun bat izango zuela, otorduan zehar. Harrera beroa izan zuen dinamika horrek, helduei ere jolasteko aukera eman baitzien, nolabait.
Afariaren aurretik, hitz batzuk esan zituzten Bizilaguneko kideek. Orotara, eskerrak eman zizkieten herrikideei topaketari egindako harrera beroagatik. Ondinak, bere aldetik, taldearen jatorriaz hitz egin zuen. Haren esanetan, Lasarte-Oriako kulturartekotasuna ardatz, askotariko kulturak elkar ezagutzeko espazio bat sortzeko nahietik abiatu dira taldea elkartea eratzekoan. Malakek, berriz, multzoaren xedea gogorazi zuen. Horretan ari zelarik, mugitzearen garrantziaz mintzatu zen, eta horrelako topaketak errepikatzeko gura adierazi zuen.
Janaldiak afari musikatutik asko izan zuen, jan bitartean hiru abesti kantatu baitzituzten. Hasiera emateko, "Goazen denok jatera" entonatu zuten. Bigarren platerari agina sartu aurretik, "epo i tai ta ye", eta amaieran, "Txoriak txori". Eli Gallok akordeoia jo zuen, eta azkenegorako, Semblante Rocieroko bi kide izan zituen bidelagun.
Tripak beteta eta bihotza bero zituztelarik joan ziren etxera datorren afariaren dataren esperoan.