Herriko Osasun Zentroan ematen ari diren arreta "gero eta kaxkarragoa" dela salatu du LOOPAk

Txintxarri Aldizkaria

Anbulatorioko "ordutegi murrizketak, itxarote epe luzeak eta mediku falta" salatu ditu plataformak, eta gutun bana helarazi diete osasun zentroko zuzendariari eta udalari

Lasarte-Oriako Osasun Zentroan ematen ari den arreta "gero eta kaxkarragoa" dela salatu du LOOPAk Lasarte-Oria Osasun Publikoaren Alde plataformak, eta "alarma seinaleak pizten" ari direla ohartarazi du. Aipatu eragileak gogorarazi du "borroka luze baten ondoren" herritar guztiek mediku bat edukitzea lortu zutela (nahikoa ez izan arren, kalitatezko osasun publikoaren bidean gutxieneko baldintza zela azpimarratu dute), eta aurretik, Lehen Arretan bizitako "muturreko narriadura egoera latza" gaindituko zelakoan, "konfiantza tarte bat" eman zietela osasun arduradunei, euren interbentzio maila apalduz. Orain, ordea, plataforma hori osatzen duten kideek uste dute arduradunek ez dutela konfiantza hori merezi, zentrotik iristen zaizkien albisteak eta esperientzia pertsonalak "oso kezkagarriak" direla iritzita.

Egungo egoera laburbiltzeko, LOOPAk salatu du kontsultetarako itxarote epeak "onartezin luzeak" izaten ari direla berriro, eta gero eta ohikoagoa dela hainbat arrazoirengatik kontsultan medikurik ez egotea; dirudienez, zazpi mediku ere falta izan diren egunak egon direla aipatu dute ordezkariek. Gainera, jakinarazi dute zantzu guztien arabera medikuek aurrez aurreko eta telefono bidezko arretarako dituzten orduak (ordu medikuak deiturikoak) lau ordu eta erditara mugatuko dituztela. Horri gehitu behar zaio anbulatorioko ordutegi murrizketa: "isilean" eta sarreran kartel baten bidez jarritako oharraren arabera, uda garaiko ordutegia (08:00etatik 17:00etara) urte osora zabalduko dela hemendik aurrera. Plataformak nabarmendu du hori guztia gertatzen ari dela Donostialdeko Etengabeko Arreta Guneen (Lasarte-Oriaren kasuan, Hernaniko Larrialdietako Eskualdeko Zerbitzuarena) egoera "guztiz eskasa" denean, bertan askotan medikurik ez baitago eta erizainek eman behar izaten baitute arreta; ekainaren 18an anbulatorioaren aurrean egindako elkarretaratzean salatu zuten hori. 

Gardentasun eskaera eta gutunak

Egoera hori Osakidetzako nagusien "opakotasun bete-betean" eta "herritarrei azalpenik eman gabe" gertatzen ari dela ere arbuiatu du LOOPAk. Hori horrela, plataformak argitu du "gardentasun eta informazio falta horren aurrean, bi gutun erregistratu zituela joan den irailaren 16an. Horietako bat Osasun Zentroko erregistroan sartu du, bertako zuzendariarekin bilera eskatu eta anbulategiko egoeraz eta plangintzaz herritarrek eskubidea duten eta merezi duten informazioa eskatzeko. Beste gutuna, berriz, udal erregistroan aurkeztu du, bere momentuan Udal Batzar batean lasarteoriatarren osasun eskubideen defentsan onartutako akordioa gogorarazteko; akordio hartan alkateari agintzen zitzaion Osakidetzarekin interlokuzio lanak egiteko eta horien berri herritarrei emateko.

Amaitzeko, lasrteoriatarrei adi egoteko deia ere egin die LOOPAk, eta, egoerak hala behartzen badu, kalitatezko osasun publikoaren defentsan antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko prest egoteko eskatu.