"Balio bikoitza" izango duten botoak eskatu ditu EH Bilduk

Iñigo Gonzalez Sarobe

Espainiako Gorteetarako Hauteskunde Orokorretarako egun gutxiren faltan ekitaldia aurrera eraman du koalizio subiranistak Antonio Mercero aretoan. Boz horietan Gipuzkoako zerrendako kide Xabi Lertxundik eta datorren maiatzean Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko hautagai Maddalen Iriartek nabarmendu dute EH Bildu bozkatzea dela aukera onena, bi arrazoi nabarmenengatik: eskuinari bidea ixtea eta eskubide sozial zein nazionalak bermatzea. "Askatasuna, feminismoa, euskara eta Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea" ere izan dituzte hizpide.

Mukuru zegoen atzo arratsaldean Antonio Mercero aretoa arratsaldeko zazpietarako. Ikusmina sortu zuen Iriarteren eta Lertxundiren etorrerak eta azkar bete zituzten eserleku denak herritarrek. Hasteko prest zeudela ikustean, datorren maiatzeko udal hauteskundeetan Lasarte-Oriako EH Bilduren hautagai Esti Garmendiak hartu zuen hitza, guztiei ongietorria egiteko eta gaur egungo testuinguruaren garrantzia azpimarratzeko.

Horren ostean, Lertxundik hartu zuen hitza. "Herritarren bizitzak hobetzeko konpromisoa" oinarri, hilaren 29an EH Bilduren alde bozkatzea "balio bikoitzeko erabakia" dela adierazi zuen, "eskuin muturrari ateak ixteko eta Euskal Herriaren eskubideak Madrilen defendatzeko". Aurreneko faktore horri erreferentzia eginda, jakinarazi zuen "lotsarik gabe elkarrekin eskutik helduta" doazela PP eta VOX alderdiak: "Horren adibide da popularrek Gipuzkoan hautagairik ez aurkeztu izana senatari izateko, horrekin VOXi mesede egiteko". Horren aurrean, berretsi zuen "aukera eraginkorrena" koalizio subiranistaren aldeko botoa ematea dela.

Euskal Herriaren eskubideak Madrilen defenditzen jarraitzeari dagokionean, hitz eman zuen "lanaldia murrizteko, gutxieneko soldata hemen erabakitzeko eta kaleratzeengatiko kalte ordainak berreskuratzeko" lan egiten jarraituko dutela Diputatuen Kongresuan. Gai horietan eta beste askotan (hala nola etxebizitza, zaintza edota trantsizio ekosoziala) udaletan egindako lana balioan jarri zuen, EH Bilduk gobernatzen dituenetan nahiz oposizioko indarra denetan, horien artean, Lasarte-Oria. Parean zuen Garmendiari zorterik onena opatu zion datorren maiatzeko bozetarako: "Bada garaia udal gobernu hori kentzeko eta agintea guk hartzeko. Eskualdeko gainerako udalerriek eskertuko dute lan egiteko modua aldatzea, eta ongi dakit zertaz ari naizen [Hernaniko alkate gisa zortzi urte daramatza eta 2027an ez du bere burua aurkeztuko kargu horretan jarraitzeko]".

Beldurraren aurka, "komunitatea"

Horiek guztiak esandakoan, Iriarteri eman zion lekukoa Lertxundik. Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko hautagaiak Lasarte-Oriarekin duen lotura pertsonal eta sentimentala gogora ekarri zuen, hasteko. "Haurra nintzela amonarekin etortzen ginen Andoaindik, bere lagun Salome Urdangarinen etxera. Antton Mercero zinemagilearen ama zen; bai, guk Antton deitu izan diogu beti eta ez Antonio". Garai horietan herrian dena "egiteke" zegoela esan zuen eta, horrekin batera, urteotan guztiotan udalerriak izan duen bilakaera nabarmendu zuen, erreferentziazko pertsonak zein ekimenak zerrendatuta: Euskararen Maratoia, Maialen Chourraut edota Joxe Mari Agirretxe Porrotx.

Sarrerako gogoeta horren ostean hilaren 29ko hauteskundeetan jarri zuen fokua. Gizartea "bidegurutze batean" dagoela ohartarazi zuen: "Aurrera ala atzera; beldurra ala itxaropena; autoritarismoa ala demokrazia". Eskuin muturreko blokeak, hau da, PPk eta VOXek osatutakoak, "herritarrak paralizatzeko beldurra eta gorrotoa" barreiatzen dituela salatu zuen, "emakumeen, langileen, migratzaileen eta hizkuntzaren eskubideak arriskuan jarrita". Horri aurre egiteko errezeta "komunitatea eta herritar bakoitzak egunero egiten duen lana" direla ziurtatu zuen: "Funtsezkoak dira". 

Lertxundik esandakoa berretsita, "olatu ultraeskuindarra geratzeko berme eraginkor bakarra" EH Bildu bozkatzea dela esan zuen, besteak beste, "XXI. mendeko politika" egiten dutelako: "Herritarrak entzuten ditugu eta euren parte hartzea sustatzen dugu". Norabide horretan, Euskal Herria "jendearen superpotentzia herrikoia" dela nabarmendu zuen, pentsiodunen edota mugimendu feministaren borrokak adibidetzat jarrita.

Mezu indartsu honekin amaitu zuen hitzartzea, Kongresurako zein Senaturako bi botoak EH Bilduri ematea eskatuta: "Askatasunaren, feminismoaren, euskararen eta herri honen erabakitzeko eskubidearen alde lan egiten jarraituko dugu, Madrilen eta edonon".

Txalo artean argazkia atera zuten Iriartek, Lertxundik eta Garmendiak. Ondoren, bertaratutakoek iritziak eta ekarpenak trukatu zituzten mokadutxoa jan bitartean.