Motorrak pizteko irrikaz daude

Txintxarri Aldizkaria

Ibilgailu klasikoen bigarren topaketa izango da igande honetakoa, hilak 22. UDALA

"Motorra, historia, entretenimendua eta elkarbizitza" uztartzen dituen jarduera aurkeztu dute ClasicoX elkarteko kideek eta udal ordezkariek, igande honetarako (hilak 22) prestatu duten guztiaren topaleku nagusi izango den Andatza plazan. Jaiak departamentuko zinegotzi Txus Alonsok aipatu eragile horretako herritarren lana goraipatu du: "Ahalegin izugarria egin dute udalerri osoari irekitako ekimena prestatzeko. Argi dugu horrelako lana babesten jarraituko dugula, Lasarte-Oriako eskaintza aberasten duelako eta herria bera biziberritzen duelako".

Jarraian, antolatu dituzten ekimenak azaldu dituzte ClasicoXeko ordezkariek. 09:00etatik aurrera hasiko dira ibilgailu klasikoen jabeei ongietorria egiten eta Andatza plazatik metro batzuetara dagoen Aitonak okindegian gosaltzeko txartelak banatzen. Gidariak enparantza horretara iritsi ahala, autoak zein motorrak non jarri esango diete eta erakusketa antolatuko dute, 12:30ak arte.

Ordurako, Scalextric txapelketaz gozatzen ariko dira parte hartuko duten haurrak nahiz helduak. 10:00etatik 14:30era arte jarriko dituzte joko mitiko horren zirkuituak martxan. Goizak aurrera egin ahala jarduera gehiago egingo dituzte. Ibilgailuen jabeek irteera egingo dute 12:30ean eta Oriara joango dira, garai batean zirkuitua zegoen eremura. Itzultzen direnean Andatza tabernan hartuko dute bermuta eta banatuko dituzte sariak. Ondoren, ondoan dagoen Udaberri elkartean bapo bazkalduko dute.