'Esadazu gezurra' argitaratu du Aintzane Usandizaga idazleak, bere lehen eleberria

Txintxarri Aldizkaria

Eleberriaren azala. SUSA ARGITALETXEA

Aintzane Usandizaga idazle lasarteoriatarrak bere lehen eleberria argitaratu du: 'Esadazu gezurra'. Susa argitaletxearekin kaleratu berri du lan hori eta hilaren 18an aurkeztu zuen Donostiako Liburutegi Zaharrean. Hain zuzen ere, hiri horretan abiatzen da kontakizuna, iluntze batean, egileak eta argitaletxeak liburuaren sinopsian jaso dutenez. Itsasoan igerialdia egin ostean, autoko giltzak barruan ahaztu dituela ohartu, eta buruz dakien zenbaki bakarrera deitu du Luxiak: Laida dago bestaldean, aspalditik harremanik ez duen umetako laguna. Bila joatea erabakiko du hark, baina iraganak blaituko du orduan autoa, eta helmugaraino iritsi ala buelta erdia egin ebazten egingo du bidea. Bitartean, tamariz okertu baten azpian zain dago Luxia, bainujantzi hutsean, gero eta hoztuago eta buila laranja bat besoen artean. 

Aurkezpen agerraldian Leire Lopez de Ziluaga editoreak azaldu zuenez, "egia eta gezurra kategoriak zalantzan jartzeko asmoa" du Usandizagak idatzitako liburuak. Herritarrak berak ahots goran irakurri zuen pasarteak berresten du hori: "Bat. Biok baldin badakigu. Bi. Bioi, jakinda ere, berdin bazaigu. Hiru. Jakitun eta ezaxola, bistakoa bada nola jokatu. Lau. Biok jakitun, ezaxola eta eroso, korapilori gabe etxeratzen bagara. Bost. Eroso eta korapilorik gabe etxeratu eta sekula berriro honetaz hitz egiten ez badugu, esadazu gezurra". 

Hainbat hari, eta "obsesio" nagusi bat: begirada. "Begirada non, noiz eta nola kokatzen dugun, aldatu egingo da ezinbestean ikusten duguna. Baina hautatu ote liteke aldiro nondik eta nola begiratu?", galdetu zuen egileak, aurkezpen ekitaldian.

 
 
 
 
 
Ver esta publicación en Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

Una publicación compartida por Susa (@susaliteratura)