Euritan maisuki gidatuta itxi du denboraldia Aitor Mansok, Madrilen

Txintxarri Aldizkaria

Aitor Manso, El Vellon igoera gauzatzen. PRODUCCIONES BERZAL

Euritan gidatu beharra arazo izan daiteke pilotu askorentzat, baina ez Aitor Manso herritarrarentzat. Hilaren 14an itxi zuen denboraldia Madrilen, XIX. El Vellon igoeran, eta baldintza klimatiko horien pean parte hartu behar izan zuen. Bada, proba bikaina egin eta bere kategorian irabazteaz gain sailkapen orokorra ere poltsikoratzeko 249 ehuneko falta izan zitzaizkion. "Euritan konpetitzea asko gustatzen zaigu. Gabriel Gutierrezek auto hobea du eta aurten lau bat segundo atera izan dizkigu lasterketa bakoitzean, baina aurrekoan irabaztetik oso-oso hurbil geratu ginen". Pilotu lasarteoriatarrak Talex M4 ibilgailua gidatzen du.

Amaitu berri den denboraldia oso emankorra izan da Mansorentzat. Madrilgo txapelketan garaile izan da bere kategorian eta sailkapen orokorrean bigarren postua eskuratu du. Euskadikoan, berriz, bietan nagusitu da. Gainera, Espainiako Mendi Igoeretako AUTOhebdo SPORT txapelketako azken jardunaldian, irail amaieran Onil-en (Asturias) jokatutakoan, 3. kategoriako bizkorrena izan zen. Bere autoa, Talex M4a, homologatzeke zegoenetako bat izan zenez, parte hartu zuen baina pilatutako puntuak ezin izan zizkion sailkapen orokorrera gehitu. 

Espainiako txapelketa, amets

Hori horrela izanik ere, Mansorentzat eta bere taldearentzat saio bikaina izan zen, lehiaketa horretan ere onenen pare ibil daitezkeela erakutsi zutelako. Bada, datorren denboraldiko xede nagusiak horrekin zerikusia duela azaldu du pilotuak: "Espainiako txapelketa irabaztea da gure helburua, bai ala bai. Are gehiago, hori da nire ametsa".

Espainiako txapelketa irabazteko eta beste lorpen askoz gehiago erdiesteko prestatuko da Manso datozen hilabeteetan. Zeregin horretan, jakina, ezinbestekoak dira bidelagun dituen taldekideak eta babesleak: Ferdoux Estructuras S.L., Andamios Laister, Construcciones Aizpurua Unanue, Etxezarreta harategia, Toyota eusko auto eta Lexus ikigaikars.