Emakumeen Etxean aurrera eraman du Irakurle Txokoak hil honetako solasaldia, hain zuzen ere, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Egunaren kari udalak antolatu duen egitarauaren barruan egin dutelako saioa. Itxaso Martin Zapirain idazlea gonbidatu du oraingoan, eta berak idatzitako Puntobobo eleberria izan dute hizpide taldekideek
11 kapitulutan banatutako lana da, eta bi denbora lerrotan, orainaldian eta iraganean, kontatutako istorioa irakur dezakete irakurleek. Orainaldian kontatuta dagoen zatian, Joane eta Malen ama-alaben arteko elkarrizketaren berri izango dute irakurleek. Zati horrek ez du narratzailerik, sortzaileak nahita hautu hori eginda, hain zuzen ere, fokua bi protagonista horiengan jarri asmoz, eta irakurleak jasoko duena bi horiengandik ez beste inorengandik jaso dezan. Iraganean kontatutako kapituluak, berriz, narratzaile batek kontatzen ditu eta gertatzen denak hartzen du indar handiagoa esaten denak baino.
Idazleak bere tesian egindako lanetik abiatuta ondu du Puntobobo.
Hausnarketa erronda
Ohitura duten moduan ekin diote saioari irakurle taldeko kideek. Idazlearen aurkezpen labur bat egin du lehenik Aintzane Usandizagak , eta jarraian, lanaren gaineko iritziak, hausnarketak, eta bestelako kontuak partekatzeko tarte bat ireki dute.
Banan-banan hartu dute hitza, eta denek ala denek adierazi dute gustuko izan dutela, baina, hizlari bakoitzak bere hausnarketa ere plazaratu du.
Hitza hartu duen lehen taldekideak adierazi du oraindik orain liburua osorik irakurri ez duen arren, "erabat engantxatuta" dagoela, eta hitz horiei jarriki, beste kide batek azaldu du sekulakoa iruditu zaiola amaiera.
Horren harira, Martinek berak hitza hartu eta esan du kontakizunaren amaiera izan zela lanaren abiapuntua, hau da, pasarte hori zeukala garbi, eta hortik abiatuta joan zela kontakizuna josten, idazten. Hala, gaineratu du, "bi amaierak", baina liburuan agertu duena ez besteak ez zuela zentzurik kontakizun horretan, eta horregatik erabaki zuela irakur daitekeen horren alde egitea: "40 urtez isilik mantendutako zerbait ordubetean askatzea ez zihoan liburuarekin. Ni oso pozik nago amaiera horrekin". Gaineratu du "atea zabalik" uzten duen bukaera bat dela.
Kontakizuna "gogorra" egin zaiola mahaigaineratu duenik ere izan da. Horri dagokionez, idazleak baieztatu du gaia gogorra dela, baina helburua dela gogortasun hori erakustearekin batera, goxotasuna ere transmititzea.
Hizkuntza "minimora" eramatearen zergatia
Hizkuntza aldetik ahaleginik eskatzen ez duen lana dela azaleratu du beste kide batek, baina hori esatearekin batera, azaldu du bestelako karga bat eragiten duela; hori adierazi bitartean eskuarekin sabela ukitu du: "Hizkuntzari dagokionean depuratua dago, bazoaz, baina aurrera egin ahala, gero eta karga handiagoa sentitzen duzu, motxila doa betetzen, neurri batean barrena mugitzen dizulako".
Horren harira idazleak aipatu du hori ere hala erabakita egin duela: "Hizkuntzak eramaten gaitu burura, oso mentala den parte bat da, eta tripetara heltzeko modu bat zan intelektualitatea alde batera uztea. Irakurketak ahalegin kognitibo bat eskatzen badizu, gehiago aldentzen zitu emozioetatik".
Luze eta zabal solastatu dira ordu eta erdi iraun duen tartean. Idazleak iragarri du Tantaka Teatroa konpainiak antzerkira eramango duela bere lana.