Musika, dantza eta parte hartzea uztartuko ditu Jalguneren Jaialdiak. Aurtengoa XX. edizioa izango da eta "De todo menos indiferentes. Kanpoan hotz, Lasarte-Orian bero!" lelopean ospatuko dute, azaroaren 28an, Manuel Lekuona Kultur Etxean, Dibertsitate Funtzionala duten Pertsonen Egunaren bueltan (abenduak 3a). Bea eta Zesar arituko dira aurkezle lanetan, ohiko legez.
Ikuskizunaren nondik norakoak egun handirako gorde nahi izan dituzten arren, aurreratu dute lagun askorekin partekatuko dutela oholtza; besteak beste, Semblante Rociero abesbatzarekin, Ostadarreko Ipar Martxako taldeekin eta Euskararen Maratoieko zortzikotearekin.
Bertaratu nahi dutenek aldez aurretik eskatu beharko dituzte gonbidapenak, auditorioko atarian. Horren harira, ospakizun bereziarekin bat egitera gonbidatu dituzte herritar guztiak Jalguneko kideek, sarrera irekia eta doakoa izango baita.
Lelo bat baino gehiago
Arestian aipatutakoari jarraiki, "De todo menos indiferentes. Kanpoan hotz, Lasarte-Orian bero!" izango da Jalguneren XX. Jaialdiko lema. Azaldu dutenez, euren izaera, aldarria eta, batez ere, taldearekin helarazi nahi duten mezua ondo jasotzen duelako aukeratu dute esaldi hori. Izan ere, argi dute ez direla "indiferenteak", hori izan baitute helburu hasieratik, hots, "aniztasuna ikusaraztea eta desgaitasuna duten pertsonek gizartean dagokien lekua izatea". "Harro" gaineratu dute "neurri handi batean" xede hori lortu dutela "aukera faltari" eta "hoztasunari" Lasarte-Orian kontrakoarekin erantzutea lortu dutelako; "berotasunarekin, gertutasunarekin, konpromezuarekin eta parte-hartzearekin".

Jalguneren XX. Jaialdirako kartela