Liga luzea eta gorabeherez betea izan ohi da Gizonezkoen Gorengo Maila. Edonola ere, partiden ia herena (30etik bederatzi) jokatuta, orain arte egindako lanak erakutsi ohi du nortzuk borrokatuko duten kategoriaz igotzeko eta nortzuk izerdituko duten azken jardunaldira arte, ez jaisteko. Azken denboraldietako dinamikari jarraiki (bi aldiz jokatu dute igoera kanporaketa), badirudi goian egongo dela Ostadar SKT, orain arteko norgehiagoketatik zazpi irabazi eta bi berdindu dituelako, 23 puntu zakuratuta. Azkeneko hirurak, arerio zuzenetako bat den Astigarragako Mundarroren kontra, 1-0.
Bi taldeak hogeina punturekin iritsi ziren joan den larunbatean Michelinen jokatutako partidara. Hori horrela izanik, aurreikus zitekeen norgehiagoka orekatua izango zela eta detaile txikiek desorekatuko zutela balantza etxekoen edo kanpokoen alde. Urdin-beltzen zorionerako, Ugaitz Agirre erdiko atzelariak 67. minutuan sartutako gola erabakigarria izan zen eta hiru puntuak poltsikoratu zituzten. Horri esker, lehen multzoko liderrak dira, Errenteriako Touring bi puntutara dutela.
OSTADAR SKT: Aitor Soroa, Victor Jimenez, Xabier Martinez, Iker Sarasola, Andoni Fernandez, Xabier Etxeberria, Julen Lopez, Aimar Aristondo, Victor Masa, Endika Izagirre eta Ugaitz Perez. Bigarren zatian jokatu zuten Asier Iriondok, Markel Arzallusek, Asier Gonzalezek, Iker Atxagak eta Julen Urruzolak.
Yonatan Monroy-ren jokalariak bolada ezin hobean daude eta jarraian irabazi dituzte azkeneko bost partidak, horietan guztietan gol bakar bat jaso gabe. Aurrean jokalari biziak eta kalitatezkoak dituztela jakinda, orain arte defentsan erakusten ari diren sendotasuna mantentzea funtsezkoa izango da lidertzari eusteko. Larunbat honetan Urnietara joango dira, udalerri horretako ekipoaren aurka eskualdeko derbia jokatzera. 16:00etan hasiko da norgehiagoka.