XII. Pintxo Bidea aurkeztu dute merkatariek

Txintxarri Aldizkaria

Zazpi establezimenduk hartuko dute parte aurtengo edizioan eta horietako bakoitzak mokadu bat eskainiko die bezeroei. Hilaren 20an, 21ean eta 22an izango dute lasarteoriatarrek horiek dastatzeko aukera, eta baita gustukoena zein izan duten adierazteako ere. Aldi honetan bi pintxo sarituko dira, bata epaimahai profesionalak aukeratuko du eta bestea, berriz, herritarrek, Azken horien artean, gainera, erosketa bonuak zozkatuko dira

Gastronomia hitzordua iragarri du Aterpea merkatarien elkarteak datorren astebururako, hilaren 20, 21 eta 22rako: XII. Pintxo Bidea aurrera eramango du. Ostiralean, 19:00etatik 21:00etara izango dute mokaduak jateko aukera bezeroek, eta larunbatean, aldiz, eguerdian eta arratsaldeko ordutegi berean jarraituko du. Igandean, soilik eskainiko dituzte pintxoak. Horietako bakoitzaren truk hiru euro ordaindu beharko dituzte kontsumitzaileek. 

Horren guztiaren berri eman dute gaur aipatu elkarteko bazkide eta ordezkariek, Semblante Andaluz elkartean egin duten agerraldian. Hitzordu hori baliatu dute ekimenerako prestatu dituzten jakiak erakusteko, baina ez horretarako bakarrik, izan ere, izan da horiek probatzeko aukera izan duenik ere. 

Askotariko osagaiak erabilita kozinatu dituzte mokaduak, ohiko sukaldaritzan oinarritutako errezetek eta zapore nahiz testura desberdinak uztartzen dituzten proposamenek erakutsi dituzte. 

Ondoko hauek dira, banan-banan

  1. Herriko Etxea jatetxea: Perretxiko gisatua, arrautza potxatuarekin, urdaiazpiko kurruskariarekin eta lasto erako patata frijituekin.
  2. Arkupe taberna: Baserriko oilaskoaren kaneloia, boilurrarekin eta foiearekin.
  3. Usoak taberna: Pedro Ximénez erara prestatutako masail haragiz betetako briotxea, patata eta Idiazabal gaztarekin egindako kremaren gainean, hirugihar kurruskariarekin.
  4. Buenetxea kafetegi taberna: La Perla, bieiraz egindako kroketa, ganba eta zitrikoen saltsa holandarrarekin eta wakame algarekin.
  5. Oria-Txiki taberna: Pani Puri Mar y Tierra, bakailao brandadarekin eta ardo beltzean prestatutako buztan haragiaren krema finarekin.
  6. Lasarte taberna: Txahal masailaz betetako kalabaza kurruskaria, fruitu gorrien erredukzioarekin eta batata txips zein  sesamo haziekin.
  7. Arima GastroTaberna: Txahal masailaz, perretxikoz eta piparraz betetako pikillo piperra, grana padano gazta kurruskariarekin, errukula frijituarekin eta bere saltsekin.  

Bi sari: epaimahai profesionalarena eta herritarrena

Urtero lez, aurten ere bi pintxo sarituko dira; alde batetik epaimahai profesionalaren saria banatuko dute, eta bestetik, berriz, herriatarren gustukoena. 

Epaimahai profesionalarena nork jasoko duen Fernando Alonso Carabel sukaldari profesionalak erabakiko du. Bere esperientzian eta irizpide gastronomikoan oinarrituta, parte hartzen duten zazpi proposamenak baloratu eta kategoria honetako pintxo irabazlea hautatuko du. Ibilbide profesional zabala du Alonsok: Pesadilla en la Cocina telebista saioan parte hartu du, Rational Cáceres 2014 saria irabazi zuen eta sukaldaritza sortzaileko unibertsitate irakasle gisa ere jardun du.

Herritarrena, berriz, Lasarte-Oriako gastronomia elkarteen eta pintxo bidean parte hartzen duten bezeroen balorazio bateratuaren bidez erabakiko da. Gastronomia elkarteetako ordezkariek proposamenak dastatu eta baloratuko dituzte, eta herritarrek ere euren iritzia emateko aukera izango dute, pintxo bakoitza 1etik 5era baloratuz. Horretarako, pintxoarekin batera jasoko duten puntuazio txartela bete beharko dute. Parte hartzea baliozkoa izan dadin, emandako puntuazioa, izen-abizenak eta telefono zenbakia adierazi beharko dituzte, eta txartela establezimenduan bertan horretarako jarritako kutxan utzi. 

Parte hartzaileentzat ere sariak

Pintxo biean parte hartzen dutenen artean 500 euro zozkatuko dituzte. Aterpeako establezimenduetan erabiltzeko erosketa bonuak izango direla iragarri dute merkatarien elkarteko ordezkariek, eta esan, guztira, lau erosketa txartela izango direla. Horietako bat 200 eurokoa izango da, eta gainerako hirurak, aldiz, 100 eurokoak. Horien bitartez herritarren parte hartzea sustatzea eta herriko merkataritzan kontsumoa bultzatu nahi du merkatarien elkarteak. 

Udaleko Sozioekonomia saileko zinegotzi Nuria Fernandez Castrillo ere agerraldian izan da, eta honako adierazpenak egin ditu: "Eskerrak eman nahi dizkiogu Aterpeari urtez urte horrelako ekimenak antolatzeko egiten duen lan eta ahaleginagatik. Pintxo Bideak herriko kaleak girotzen ditu, herritarrak elkartzeko aukera eskaintzen du eta gure ostalaritza eta tokiko ekonomia indartzen laguntzen du". Halaber, parte hartuko duten zazpi ostalaritza establezimenduen inplikazioa ere eskertu du: "Pintxo bakoitzaren atzean ordu askotako lana, ahalegina, sormena eta ilusioa daude. Horregatik, bereziki eskertu nahi dugu ostalariek edizio honetan jarri duten dedikazioa eta herritarrei proposamen bereziak eskaintzeko egin duten ahalegina". 

Amaitzeko, herritarrei dei egin die egitasmoarekin bat egin eta parte har dezaten. Mokaduak dastatzera, lehiaketan parte hartzera eta herriko ostalaritzaren eskaintza gastronomiko anitzaz gozatzera gonbidatu ditu.