Dantzaz erakutsitako geografiak

Txintxarri Aldizkaria

Dantza topaketa prestatu du Erketz EDT taldeak eta Donostiako Trebeska eta Alacanteko Villajoyosako El Centenar Grup de Danses gonbidatu ditu Manuel Lekuona kultur etxean emanaldia eskaintzera. 

Txandaka aritu dira dantzan hiru taldeak. Hasteko, hitzorduaren anfitrioia oholtzaratu da. Jarraian, Egiako Trebeska; Alacanteko El Centenar Grup de Danses, ondoren. Segidan, lasarteoriatarrak agertu dira berriz eszenatokian, eta valentziarrek amaitu dute emankizunarekin. Ordubete eta erdi iraun du guztira dantza topaketak eta kasik beterik ziren Manuel Lekuona kultur etxeko eserlekuak. 

Dantzaz baliaturik, euren kulturaren aberastasuna erakutsi dute. Horretarako, traje tradizionalak ere erabili dituzte. Trebeska eta Erketz EDTeren kasuan, Euskal Herritik bidaiatu dute, bertako zenbait festa eta dantza propio erakustearren. Alacantekoek, aldiz, euren erkidegoa aurkeztu diete lasarteoriatarrei, besteak beste, joten bidez. Hori ez ezik, dantzaldiekin hasi aurretiko azalpenak eman dituzte Mediterraneo aldeko txokoak gertuagotik ezagutzearren. 

Musikari dagokionez, garrantzi handia izan dute doinuek emanaldi honetan. Izan ere, kulturaren aberastasuna melodiatik ere plazaratu dute. Eginkizun horretan, musikari propioak izan dituzte bidelagun: Erketz EDTeko artistek euren dantzariekin eta Egiakoekin batera jo dute, baina Valentziako taldeak bere banda ekarri du. 

Gogotik gozatu du publikoak emanaldiarekin, eta dantzaldi bakoitzaren osteko txalo zaparradekin erakutsi du hori. Ikuskizunarekin amaitzeko, Ainara Elicechea Kultur zinegotziak eta Lasarte-Oriako alkateak oroigarri bana eman diete dantza talde gonbidatuei. Talde argazkia ateratzearekin batera amaitu da hitzordua. 

 

Erlazionatuak

Erketz EDT, dantzan

Txintxarri Aldizkaria aza 15, 20:08 Kultura

Trebeska taldea, dantzan

Txintxarri Aldizkaria aza 15, 20:11 Kultura

El Centenar, dantzan

Txintxarri Aldizkaria aza 15, 20:15 Kultura