Iaz hasitakoari eutsita antolatu dute aurtengo II. Jardunaldi Inklusiboa. Orotariko pertsonei harrera egingo dion Lasarte-Oria sortzeko asmoz, gizarte-inklusioa sustatu du ekimenak. Horretarako, aniztasunaren erakusleiho izan da Okendo plaza.
Irekiak eta doakoak izan dira ekimen guztiak eta den-denei egin diete abegi ona herritarrek. Hasteko, ehundaka herritar animatu dira Upsala mendi elkarteak, Garaionak eta Udalak prestatutako martxa inklusiboarekin bat egitera. Gogotsu abiatu dira Benedika mendiruntz. Azken egunotako eguraldia dela-eta, kontu handiz ibili behar izan dira ibilaldia egin bitartean.
Bien bitartean, jolaserako gune handia izan da enparantza nagusia. Izan ere, egokitutako kiroletan aritzeko beta izan dute lasarteoriatarrek hainbat eragileri esker. Esgrima, mahai-tenisa, slaloma, 3x3 saskibaloi partidak. Hori ez ezik, etxeko txikientzako ariketak ere prestatu dira; besteak beste, marrazteko mahaiak eta laguntzarako txakurrak gertutik ezagutzeko (eta laztantzeko) saio laburrak.
Horrekin guztiarekin batera, informaziorako postua ipini dute hirugarren sektoreko elkarte eta erakunde ugarik: Ortzadar, Begi-sare, Aspanogi, Acabe, Domus, Andade, DYA, Hegalak, Lekanea, Fortuna, EDE Fundazioa, EAGI Eraikuntza Eskola, Lasarte-Oriako EPA eta Ondarretako Osasun Mentalerako Zentroa.
Ibiltariak ailegatzerakoan, harrera egin diete Uharteko zanpantzarrek. Kale Nagusitik barrena etorri dira Okendo plazaraino nafarrak paseari guztiekin batera. Gogotik gozatu dute eurek sortutako soinua eta ikuskizuna. Gainerako herritarrek ere ez dute gertutik ikusteko eta telefono mugikorrarekin grabatzeko aukera galdu nahi izan.
Ritmo Activoko dantzariek ikuskizun laburra eskaini dute Okendora bueltatzerakoan. Euren giro bikainarekin kontagiatuta, zanpantzarrak ere ausartu dira aldakak mugitzera, beste behin.
Itxiera polita izan du aurtengo jardunaldi inklusiboak. Ekimenaren arrakasta dela-eta, datorren urtekoa prestatzen hasiko direla jakinarazi dute antolatzaileek.